Zinemaldi internazionalen zirkuituetan ezagun, askotan garaile suertatu izan dira film asiarrak. Alabaina, nahi baino gehiagotan, bai gure herriko zinema txikietan, bai Bilbo handiko zine ahaltsuenetan ere, ekialdeko zinema gozagarri hori ezin ikusita geratzen gara. Jakina da gaur egun zein den dirua ematen duen zine mota eta jendeak ostiral gauetan ikusi nahi izaten duena. Eta bai, tristeki, lagunen bati asiar piezaren bat ikustera joateko eskatuaz (hilean behin heltzen den apurra), erantzuna begi txarrez jasotzera ohituak egongo dira asko, bakarrik joatearekin konformatuaz. Baina horrek ez du kentzen gurea bezalako idatzizko esparru xume honetan horren inguruan hitz batzuk argitaratu ahal zein nahi izatea.
Bai, adiskideok, Asian izugarrizko zine mugimendua dago. Bollywood alde batera utzirik, munduko zine ekoizpen handiena duen industria (USA-k baino handiagoa!), zine oriental gisa ezagutzen denaren inguruan arituko nahiz. Eta jada azpigenerotzat hartzen den mugimendu horren barruan, Hego Korean egiten denaren zertzelada nagusi batzuk azaltzea gura nuke. Oriental termino horrek beste hainbat Asia ekialdeko herrialde hartzen baititu. Horren ingurukoak beste egunen baterako utziko ditugu. Izan ere, Wong Kar-Wai hong kongdarra, Ang Lee taiwandarra (USA-ra joan aurretikoa), Takeshi Kitano japoniarra (bai, Humor Amarillo telesail ezaguneko tipo hura zine japoniar garaikidearen mugarrietako bat da), edota Zhang Yimou txinatarra, joan diren azken hogei urteotan mundu osoko zine panoramako gailurrean egon dira. Gustura hitz egingo nuke haietaz, hamar orrialdeko artikulu batez zuek aspertu nahi izango banu.
Beraz, har dezagun abioia eta goazen korear penintsula urrunera. Hegoaldera jo behar, iparraldeko zatian egiten denaz ezer gutxi baitakigu.
Zinefilook jakingo duzuenez, azken bi hamarkadetan nahiko entzute handia izan du han egin den zine motak, eta denborak aurrera, jada zilegi da esatea haren baitan beste azpigenero bat edo sortu dela zenbait zuzendariren eskutik: thriller korearra. Hona heltzen zaizkigun akziozko film amerikarren ekoizleek begi eta belarriak ipini beharko lizkieke, izugarria baita korear fikzio horrek sortzen eta lortzen duena. De facto, pare bat zuzendari korearrek eman dute jauzia Hollywoodera.
Jada, genero gisa, zenbait faktore komun ezarri direla esan daiteke eta bat nabarmentze aldera ilunkeria zakarra hartuko nuke. Anbientazio bat non ezer onik gerta ezin daitekeen, eta pertsonaiak etorkizun beltz batera predestinatuak dauden. Kontuz, horrek ez du esan nahi thrillerraz aparte beste generorik lantzen ez dutenik. Baina kontuak kontu, zine beltz hori izan da Hego Korear zinema kanonean ezarri duena.
Hogei urte eskaseko historia duen filmografiaz ari gara. Hogeita hamar eta berrogeita hamar urte inguruan dabiltzan zuzendariak dira gehienak, eta badoaz gazteagoak diren promesak ere agertzen. Mugimendu honen aitzindari edo maisu bezala har daitekeena, ziurrenik, Park Chan-wook seuldarra da. Hego Korear zinema munduratzea lortu zuena bai, behintzat. Haren zinearen tankerak gaur egungo zine korearraren ezaugarri guztiak batzen ditu. Bera izan zen, nolabait, oinarriak finkatzea lortu zuena. Gaiei dagokienez, gordintasun gorriena, bortxa, biolentzia, mendekua… bat doazen gauzak dira beretzat. Itxuraren aldetik, barrokotzat har daiteke bere obra. Zaindua eta lerroz lerro zizelkatua, gehiegikeriaz josia, arnasa kentzekoa askotan. Hala, 2000.urtean Join Security Area pelikularekin, bere herrialdeko ikusle zifra historiko handienetarikoa lortuaz geroztik joan zen ospe eta izen internazionala hartzen. Berea dugu mendekuaren trilogia gisa ezagutzen dena, Sympathy for Mr.Vengeance (2002), Oldboy (2003) eta Sympathy for Lady Vengeance (2005) filmek osatzen dutena.
Mendekua izanik hiru istorioak harilkatzen dituena, lehen aipaturiko ezaugarriez blaitzen ditu zuzendariak film hauek. Maisuki lortzen du hiruretako protagonisten nahi eta ezinak irudikatzea, baita azaltzen diren egoera latz eta gogorrez ikuslearen ileak tente jartzea. Oldboy-ren remake amerikarra egin da orain ez asko, eta Mr. Vengeance-rena ere martxan da. Banpiroen ingurukoak kontatzen ditu Thirst-en (2009), eta robota dela pentsatzen duen neskaren istorioa I’m A Cyborg, But That’s Ok (2006) filmean. Hori gutxi balitz, 2013an, Stoker pelikularekin sartu zuen Parkek muturra Los Angelesen, urte hartako lanik aipagarrienetariko bat lortuz. Txapela kentzekoa egin duen guztia. Hollywooden jarraitzen du egun eta datorren urterako bueltan dugula ematen du. Zorionekoak gu.
Thrillerraren barnean mundialki ezagun egin den beste film korear bat: Memories of murder (2003). Zirrara sortzen du planoz plano eta serial killer-aren gaia era ezin hobean landu. Azken sekuentzia? Nik behintzat inoiz ikusitako onenetarikoa. Ederra, itzela. Boong Jon-Ho dugu zuzendaria. 2006an The Host ezaguna burutu zuen, gure telebistetan behin baino gehiagotan gozatu ahal izan duguna. Seuleko kaleetan zehar hondamenak sortzen doan munstro izugarri baten istorioa, humorez zipriztindua. Mother (2009) kitzikagarriarekin jarraitu eta gerora, 2013an, Snowpiercer burutu zuen: zine izar amerikarrez eginiko produkzio korearra. Munduko azken bizidunak geldi ezin daitekeen tren baten sartuak doaz, klase sozialetan banatuak, bagoi bakoitza eszenatoki ezberdin izaki. Ikusgarria benetan.
Goazen beste batekin: I saw the devil (2010). Beharbada, denetan gogorrena. Justizia norbere eskuetan hartzearen inguruan pelikula asko egin dira, baina honetan ematen den gordinkeri eta gehiegikeria, oso gutxitan ikusi dut nik behintzat. Tentsioa azken unera arte, arnasa kentzeko 140 minutu. Ez nuke jende sentiberarentzat gomendatuko.
Hasieran esan legez, gazte korearrak ere agertzen doaz. Horren adierazgarri da Na Hong-jin. 2008an debutatu zuen hogeita hamar bat urte zituela The Chaser thrillerrarekin. Oso film interesgarria. Polizia eta gaizkilearen arteko borroka hari duela, gizakiaren maltzurkeriaz dihardu zuzendariak, ohiko irudi krudel bezain ederrak erakutsiz. Hori gutxi balitz, urte bi beranduago, 2010ean, thriller hauetan guztietan ene uste apalean onenetarikoa dena burutu zuen: The yellow sea. Trama aldetik denetan sakonena da duda izpirik gabe. Protagonistaren konfliktoa guztiz landua dago, eta bi Koreen arteko gatazka horretan trebe murgilarazten gaitu.
Immigrazio ilegala eta haren inguruko gatazka asko maisuki azaltzen dira, eta gidoi aldetik ere ederki harilkatua dago guztia. Nola ez, produkzio aldetik paregabea, arestian aipaturiko guztiak legez. Oso kontuan hartzeko artisaua dugu beraz Na Hong-jin. Orain arte gisa moldatzea besterik ez du behar arrakasta izateko.
Badirudi, sarean zehar ibiliaz, zinefiliaren munduan behintzat, ezagunak diren tituluak direla eta thriller korear hau oso gustuko duela jendeak. Dozena bat horrelako ikusita, norbere buruari zuzendari hauek horrelako historiak kontatzera zerk bultzatu dituen galdetzera hel gaitezke. Kontatzen eta agerrarazten dutena ez baita oso ohikoa zine mendebaldarrean. Horregatik, beharbada, erakartzen gaitu horrenbeste. Hala ere, interesgarria litzateke jakitea hain zinema pesimista, beltz eta fatalaren zergatia. Kultura aniztasunaren gauzak.
Beste titulu interesgarri bat aipatze aldera: New World (2013). Mafien arteko gatazka guztiz entretenigarria. Akzioz beteriko ordu bi eta piku, boterearen iragangaiztasunaren ikuspegi korearra. Hau guztia kamara mugimendu ausartez lagundua.
Hasieran esan bezala, baina, Hego Korean badago beste zine mota batentzat lekua ere. Horren adierazgarri da mundialki ezaguna den Kim Ki Duk jauna. “Isiltasunaren zinema” gisa ezagutzen dena da berak sorturikoa eta hagitz film berezi eta kuriosoak lortu ditu. 3-Iron (2004) eta Spring, summer, autumn, winter… and summer (2003) ezagunak dira bere film entzutetsuenak. Ezaugarri batez definitze aldera, irudizko poesiatzat hartuko nuke bere obra. Hemen ez dago haren herrikideen adinako odol eta biolentziarik. Alabaina, zigilu pertsonala lortu du, eta thrillerretik kanpo ere Hego Korean badagoela bizia aldarrikatu.
Kim Ki Duk monje budistez inguratua bizi izan zen pare bat urtez, eta igartzen da hori bere lanetan. Lasaitasuna eta naturarekiko sustraitzea nabari zaio askotan, eta baita bizitzaren alde espirituala nabarmendu. Argi geratu zen hori goiko argazkiko pelikulan monje gisa aktore lanetan ibili izan zenean.
Urteak aurrera, estiloa zertxobait aldatuz joan da eta beste gai batzuez aberastu da. Erotismoaren exotismoa, nolabait esatearren, gustuko duela esan daiteke. Horren adierazgarri, familia arteko erlazio ilun eta turbulentoak agertzen ditu Moebius-en (2013), dialogo bakar bat gabe. Esan behar da beste hainbat eta hainbat film sortu dituela, hamarretik gora, ia guztiak kritikak goraipatuak. Ezin haiei buruz deus esan, ez baititut ikusi. Dena dela eta, esperimentatzaile sutsua Kim Ki Duk jauna.
Amaitu aurretik, ez nuke nahi aipatu barik utzi ez zine beltz, ez zine exotiko-intimista honekin zerikusirik ez duen beste lan hego-korear bat: Castaway on the moon (2009). Tonu eta jenero guztiz ezberdinekoa dugu pelikula hau. Komedia legez har dezakegu, izugarri orijinala, maitasun istorio polit bat medio. Oso gomendagarria.
Badaude beste hainbat eta hainbat lan zinematografiko korear, eta dudarik gabe, hemen azalduriko guztiek, etorkizun hurbilean oso kontuan hartu beharreko herrialde potentzialki indartsu bilakatzea lortu dute penintsula txiki hura.
MESEDEZ, eman iezaiozue aukera bat, kendu beldur, aurreiritzi eta dudak, eta ikusi asiar zinemagintza! Merezi du.
Joseba Ugarte
Latest posts by Joseba Ugarte (see all)
- Korearra naiz eta harro nago! - 25 mayo, 2015
- True Detective-n barrena - 20 mayo, 2014
Deja una respuesta