I. EZJAKINTASUNAZ
Lurbiran botererik banu
Izar guztiak lirateke nire gainean eroriak
Lurpeko altxor bihurtu arte
Izartegiaren haserrea ez litzateke baina
Inondik ere zurearen hainakoa
Izaki ahalmentsua ez naizela
Esan, esan erreparo barik
Zure hitz gordinak, lausoak, horiek danak!
Bota ur katilua esnatu berri bati eta zoramen txikiagoa eragingo diozu
Ederra edo sotila naizen ez dakit
Ez didazu inoiz esan
Beste batek ordea bai! Hara:
Mesanotxean mimo eta konpainia onena egiten didaten liburuaren hitzok
Horiexek nahi nituzke zintzurrean duzun sumendiak botatzea
Ez al duzu ikusten?
Esku bat dardarka
Amildegian
Neurea
Hainbestetan ferekatu, oratu duzun eta zaituen hori
Nahiz eta zure beharra dudala jakin
Zure aurpegian betiko espresioa idorotzen dut
Ezin esan ez dakidanik zuretzat zer (ez) naizen
Sokratesentzat zikutua
Matxinoentzat urkamendia
Matxinsaltoarentzat kaiola
Jakin ez balekit… baina jakin badakit
II. MAMUEZ
Lotara zoazenean
Burkoa beti duzu prest
Egin amets, egin alde
Goizean ez dizut galdetuko nora joan zaren
Badakidalako gogoz kontra zarela itzulia
Beldur naiz, ez al dakizu?
Esnatu berriko zure begiek munduari erakusten dioten distiraren beldur
Haiek erantzungo lidaketenaren beldur
Bero-bolada batek bizia kenduko balit
Eta barruan daramadan piztia erail
Pozago biziko zinateke
Ardura bat gutxiago besaburuetan
Arintze bat gehiago irrifarran
Badakizu ez dela erraza
Mamu baten antzera bizitzea
Are zailagoa ordea
Mamu horri segitu behar izatea
III. ASKATASUNAZ
Erotasuna erroetan
Eta maltzurkeria orroetan
Gurutzea daramagu bekokian
Esan, esan! Ozen esan!
Soilik jakingo bazenu…
…Ez dela nerea gainean daramadan zama gehiena
Jakingo bazenu…
…Ahaleginak eta bi, eta hiru, eta hamaika, eta hamar miloi!
Guztiak ezdeusak, egin ditudala
Zure mingainak botatzen duen isekarik leunena ere neureganatzeko
Hain naiz otzana!
Eta zu akasgabea
Nik badakit, ordea
Ahuleziak non eta zeintzuk
Buru okerra noiz eta zergatik
Eta hori guztia zerk (nork) eragin didan
Baina guztia ere ez dakit
Behin hobendun, beti hobendun
Koitadua ni, koitaduok biok
Zoriontasun bila nindoala
Infernuko atean behar izan zenuen agertu
Eta hainbeste iluntasunaren erdian oles egin
Bidea egin zenidan argitu
Baina zer preziotara Askatasuna galdu badut
IV. HILEZKORTASUNAREN BILA
Nahiz eta Uholde Handian ez dudan parte hartu
Neure gain hartu dut gizadiaren zama
Utnapishtim! Tentuz ibil hadi!
Neu ere izango naiz hilezin
Behin edo beste malko bila ibiltzeari esker
Noiz edo noiz ulermena esnatu da zugan
Kezka soila, bakuna, isuri duzu
Ur-tanta batek ozeanoan duen eragina ulertu dut
Orain eta hemen biluztuko naiz
Zuretzat, zuregatik, zuretzat
Hemen duzu nire erradiografia
Hic et nunc
Beldurrak, lotsak, nigana tropelean datozen ahotsak
Arrazoiari inoiz entzungo ez dioten ikarak
Bekaizkeriak tentuz jositako izuak
Luzeegiak dira egunak eta ez naiz ausartzen guraizekin mozten
Hain naiz kemengea
Hor dago!
Beti ahoa zabalik aurkitzen nauen mamua
…Mamuak…
…Damuak…
Eskua luzatu arren inoiz oratu ezin izango dudan ortzimuga
Rebeca Fernandez Rueda
Latest posts by Rebeca Fernandez Rueda (see all)
- Ezjakintasunaz (Amodiozko lehen oihua) - 25 abril, 2024
- Musa batez ari naiz - 25 abril, 2024
- Corazones erosionados - 23 mayo, 2023
Deja una respuesta