Itxaropena daukat soberan. Eta badakit.
Aspaldi agindutako promesa hura
itxaropen osoz itxoiten nabil oraindik
eta egun luzeak pairatzen ditut
atearen aurrean aita lanetik itzultzeko zain nengoen bezala.
Eta zeinen kuriosoa den zorionak aurpegiz aldatzeko duen gaitasuna!
aitarena, amarena, umearena edo eguzkiarena apika.
Neurea ordea, ezin asma.
Neure epilogoa ez du inork asmatu. Ahaztu naute. Berriz ere.
Prest nago. Orain nire txanda.
Beste guztiek harrapatu dute eurena
hegaka dabiltzan tximeleten ala ur sakonetako arrainen antzera
harrapatu dute esku hutsez.
Ez nago prest.
Ni bestelakoa naiz
besteak sortu ziren kontrako bidetik sortu nintzen ni
eta ez dakit tximeletak eta arrainak harrapatzen
nahi beste ikasi
kanaberarekin, eskuekin ala zangoekin.
Agian ez dago hitzik ez tximeletik ez arrainik
ez eta peskiza noblerik.
Agian izar ezberdinen azpian oheratzen gara
izaki orok bakoitzak norberak uste duen horren azpian.
Baina ni ez naiz gauean oheratzen
ni ez naiz tximeleta ez arraina
ni halabeharrez ari naiz han eta non
non eta hemen zeru honen pean gatibu
suertatu zaidan horretan
amestu ezin dudan horretan
eta ez dut nik sekula neurea ez den ezer bekaiztu.
Eta noraezean nabil biraka, lur honi bueltaka
altxor honen bila, bilatzen nekatuta
itxaropena daukat soberan eta badakit
itxaropena eta eromena
eta zoroen artean ni neu zoroena
hitza inoiz aurkituko ez duela dakien zoroa
zeren sortzez egotzi zidaten egia, asmatu dudan bakarra;
arrotza zaidanaren artean ni neu arrotza
ni neu bestea ni neu gaiztoa
ni neu hitza aurkitu ezin duen inkonpetentea.
Ezin diot bizitzari eutsi.
Orduak dira luzeak
orduak daude soberan eta ez dira lagun onak,
are gehiago dira etsaiak
eguzkiak izkutatzen dituenak.
Eta sakonki ukatzen dut neure egia, neure legea
nahieraz bizitzeko falta zaidanaren aiduru egotearena.
Bizitzak betiereko peskiza batera kondenatu du
kondenatu bere subjekturik leialena
naturaren ederrenak eta txarrenak ikusten dituena
goiko zeru urdina miresten ez duena
federik eta usterik onik eta txarrik ez duena
eta egunak betirako bailiran bizi direnen artean
heriotzaren esku leuna oratzeko beldurrik gabe bizi dena.
Desio guran natza. Izarrak behin betiko ikusteko guran.
Eta nola desiratu inoiz ikusi eta irudikatu ez dudan hori?
Norbaitek itzali zizkidan niretzat, izarrak
niretzat eten amodioz ala gorrotoz, behintzat zerbaiten hizpide arren!
Nirekin daramadan gaitza; neu akaso
eta nahi baneza bihurtuko nintzatekeen guztien etsai
guztien arazo
Jainkoari lapurtuko niokeen sua eta erre guztia
bere etxea, neurea
erre nahi nukeena
baina ni ez naiz Jainkoa, ez Jainkoa ez izakia
ni ez naiz ezer.
Ez eta animalia.
Ez eta hemengoa ala inongoa.
Eta, oroz gainetik, ez mundu honetakoa.
Ez mundu basati honetakoa
eta basatien uhartean tigreak eta sugeak
armiarmak eta birusak
baino are basatiagoa
are gaiztoagoa
are hilkorragoa den zerbait dago.
Berea ez den erreinuan urrezko mirotza lez bizi den printze noblea.
Hori baita:
mago ikusezin bat olgatzen duen bufoi behartsua
lur zabala estaltzen duen garoa, sasia.
Eta bere legea: guztien artean berea maitatzea.
neurea: sakonki ukatzen dudan horrekin halabeharrez bizitzea.
Ainhoa Defois
Latest posts by Ainhoa Defois (see all)
- Azken hitza - 25 abril, 2024
- No Madman’s Story - 25 abril, 2024
- The night - 16 mayo, 2023
Deja una respuesta