Munduan gelditzen zen azken liburutegia itxi zuten ere bai. Alexandriakoa sute batengatik galdu zen, Mayen zibilizazioaren gainbehera arrazoi ezezagun eta misteriotsuengatik gertatu zen; baina, ordea, ezagutzaz betetako azken lekuaren amaiera ez zen giza arrazoimenaz kanpoko faktore batengatik izan. Gizakiek beraiek apropos erabaki zuten. Azken liburuzaina, betaurrekoduna eta esku dardartiduneko atso ahul eta txikitxo bat, erretiratzeko ordua zela erabaki zuen, nahiz eta liburuak atzean utzi behar izan.
—Jada ez du inork libururik irakurtzen, amama —esaten zion bilobak emakume nagusia kexatzen zen bakoitzean—. Inork ez du denborarik hainbeste alferrikako parrafo irakurtzeko.
Liburuzain ohia nekatuta zegoen. Zenbat aldiz, azken berrogeita hamar urteetan zehar, entzunda zeukan ChatGPT izena? «Eskatu iezaiozu eta laburtu ahalko dizu eleberria», «Chat-ek artikuluaren ideia nagusiak atera ahal dizkizu», «aldizkariak ez dira beharrezkoak, adimen artifizialak azkarrago azaldu ahal dizu hori guztia bakarrik bi lerrotan». Emakumeak bere gazte garaiaz hitz egiten bazuen, aldiz, atzerakoia eta progresuaren aurkako norbait zela esaten zioten.
—Adimen artifizialaren aurka egotea gizadiaren aurrerapenen aurka egitea da, amama!
—Baina, nire garaian, pentsamendua eta kontzentrazioa garatu behar zen…
—Baina denbora gehiegi igarotzen zuten pertsonek gauzak egiten.
Eta zer arraio? Zergatik den-dena izan behar zuen azkarra, bizkorra eta arina?
Beharbada, nagusiegia zen; beharbada, bere bilobek arrazoia zuten. Unibertsitatean egon zenean, ulermena eta zentzu kritikoa nahitaez landu behar izan zuen. Hasieran, disgustu handiak izan zituen, noski. A zer nolako suspentsoak nota batzuetan, a zer nolako denboraldiak estututa eta arduraz itota, azken momentuan egiteko utzitako proiektuak gau bakar baten bukatzen. Hala ere, aurrera egin zuen. Hanka sartu eta ikasi. Aspertzen jakin, erabat gustuko ez zituen lanak egiten gai izatea, proiektu bakoitzetik zerbait, ñimiñoa bazen ere, ikasi izana. Prozesua ere garrantzitsua zen hobekuntzak lortzeko; giza hobekuntzak gertatzeko.
—Amama, zergatik nahiko nuke aspertzen ikastea, ibili ahal banaiz beste gauza batera?
—Ahaleginak egiteko jarrera ere baliozko gaitasun bat da, maittia.
Bilobak, orduan, muzin egiten zuen. Ez zen gai ulertzeko hain pertsona nagusiren iritzia.
Liburutegia atzean utzi zuen atsoak. Debekatuta zegoen sartzea, laster eraikina botako baitzuten, eta super ordenagailu berri bat gordeko zuen biltegi bat ipiniko zuten. Jada, ur-hoditeria lur azpitik instalatzen zeuden. Egunero ehundaka ur litrok adimen artifizialaren hozte-sistema hornituko zuten, mustro erraldoi horrek funtzionatu zezan. Ironiko samarra, jakinda erosketak egitean janari eta ur errazionamendua zegoela mundu osoan. Ez zegoen ur nahikorik ganaduak hazteko, ez zegoen ur nahikorik barazkiak eta frutak landatzeko, ez zegoen ur nahikorik planeta osoko biztanleek egarri ez izateko. Aldiz, ur nahikoa zegoen makina berriak eraikitzeko eta mantentzeko.
Supermerkatura sartu zen eta bere txartela kaxan sartu zuen. Ahots metaliko batek iragarri zion:
—Arratsalde on, bezero! Aste honetarako bi babarrun lata, aurretik prestatutako arroz plater bat, platano bat, fideo instantaneo hiru, 5 litroko ur bidoia, xaboi pastilla erdia eta komuneko paper bi biribilki doakizu. Laster arte, ondo izan!
Momentuan, uhal garraiatzaileak aipatutako produktuak ekarri zizkion atsoari, paperezko poltsa ahul batean dena sartuta. Bi eskuekin hartu zuen, ahulegia baitzen dena bakar batekin eusteko. Hamaika makina existitzen ziren alferreko lanak egiteko (esaterako, kutxazain lanak egiteko. Gorroto zuen beti makinekin hizketan aritzea), baina inork ez zuen asmatu robotik pertsona nagusien poltsa pisutsuak eramaten laguntzeko. Mundua pikutara zihoan, argi zeukan emakumeak.
Hainbat atseden hartu behar izan zituen kalean. Bakoitzean, beti, apurtzeko zorian zegoen poltsa lurrean uzten zuen eta besoa luzatzen zuen, giharrak sorgortu ez zitezen. Ez zeuden esertzeko bankuak kaleetan bi arrazoi nagusigatik: lehena, etxegabekoak ez egoteko (horrelako neurriek etxegabekoen kopurua txikituko bailuketen, etxebizitzen merkatua erregulatu ordez…) eta, bigarrena, jendea etxetik lanera eta lanetik etxera zuzenean joateko, atsedena eta aisia kaleetan ez gertatzeko. Hau da, produktibitate bortitzaren esklaboak ziren. Eta, are larriago, ez ziren kontziente horretaz. Komunikabideak beti ari ziren produktibitateaz eta ekoizpenaz berbetan: nola egin bizkorrago marketin estrategia bat, nola arindu txosten baten idazketa prozesua, nola idatzi bost email bi segundotan, nola azaldu azkarrago irakasgai baten eduki osoa, nola esan esaldi bat beste hizkuntza baten hizkuntza ikasi barik… Eta hori dena zertarako?
—Seme-alabek inoiz baino lan gehiago egiten dute. Gero eta beranduago irteten dira lanetik eta gero eta goizago esnatzen dira, are eta gehien egiteko haien lanpostuetan —hausnartu zuen bere hirugarren atsedentxoa bukatu zuenean, kalearen erdian.
Gainera, jada oso zaila zen benetako zaletasunak izatea. Bere seme-alabak ezin ziren eseri telesail oso bat ikustera; atzealdean uzten zuten programa erreproduzitzen beste eginkizun batzuk betetzen zituzten bitartean, hala nola erratza pasatu bitartean. Bilobek, aldiz, jada ez zuten filmik ikusten. ChatGPT-ri galdetzen zioten zeri buruzkoa zen pelikula bat eta hiru lerrotan bi ordu eta erdiko metrajearen laburpena prest zuten, spoilerrak barne, noski. Izan ere, jada ez ziren film ezta liburu berriak argitaratzen; artista izatea ez zen errentagarria, horrelako ogibideek ez zuten etekinik ateratzen, ez baitzieten gizarte supermodernoari eta teknologiari laguntzen, eta inork ez zuelako dirua xahutu nahi aisiarako produktuetan. Paradoxikoa zen, aldi berean, edonork lortu zezakeela komiki (oso labur, atsedenaldiak ia ez baitziren posible) berri bat: ChatGPT-ri eskatu eta berak aterako zuen ipuin arintxo bat, marrazkiekin batera.
Makinek, gainera, beti istorio berberak asmatzen zituzten; mezu eta lezio berberak errepikatzen zituzten, behin eta berriz, gogaitu arte. Ekoizpena eta produktibitatea bultzatu behar zela, lan egitea ezinbestekoa zela gizartea aurrera eramateko… Bestalde, sormenaren monopolizazioaz gain, ulermena ere asko uniformizatu izan zuen adimen artifizialak. Liburu edo lan bat interpretatzeko, makinen laguntza behar zuen jendeak; arazoa zen, beraz, interpretazio bakarra existitzen zela. Jada ez zen zentzu kritikoa existitzen, atsoaren ustean.
—Nolatan ez zuten liburutegia itxiko, tuntun halakoa —esan zion bere buruari, marmarka. Nekez ibiltzen ari zen. Zorionez, laster helduko zen etxera—. Zaharra egin naiz.
Azken hori ez zekien esaten zuen neke fisikoagatik ala egungo gizarte post-ultra-garaikidea aski ulergaitza egiten zitzaiolako.
Etxera sartu zen, azkenengoz. Poltsa sukaldeko mahai gainean utzi zuen eta gerriari masajetxo bat eman zion. Gero gordeko zuen guztia armairuan; arnasa hartu behar zuen, hankek gehiegizko esfortzua egin izanagatik nekatuta zegoen. Sukaldetik irten eta sofa txikian eseri zen.
—Masajeetarako eta atseden egiteko robot bat edo hezurren zahartzeari aurre egiteko tratamendu aurreratuak asmatu ordez, aurrerakoi liberal horiei ondo deritze telebistako albistegiak automatikoki sortzeko adimen artifizial tresnak garatzea —kexatu zen eta telebista piztu zuen.
Edertasun kanon guztiak betetzen zituen emakume gazte, argal eta polit bat agertzen zen pantailan, albisteak ematen. Gezurrezkoa zen, avatar bat zen neskatxo hori. Irribarre oso zabal eta faltsua, eta zoratzeko eskotea zuen. Beharbada amama zaharregia zen, baina ezin zuen ulertu zergatik panpin digital horrek hain lerdena izan behar zuen munduko berriak emateko. Bere balioa, haragizko neska bat izango balitz, bere gaitasunetan oinarritu beharko litzateke: ea kameren aurrean ondo hitz egiten duen, ea ahoskera argia duen, azalpen argiak ematen duen… Aldiz, hainbat neskatxa gaztetxok itxura perfektua izan behar zutela ikasten zuten. Beno, ez neskak soilik; adimen artifizialaz osatutako kirolen sekzioan (lehen, kirol arrunten atala zena), gizon gihartsu eta lirain batek aurkezten zituen ordenagailuek sortutako animazioen laburpenak. Hala ere, atsoak bazekien oro har webgune ilunetan neska birtualen bideo desegokiak eta bortitzak beste edozer baino gehiago kontsumitzen zirela.
—Zoritxarrez, ezin da inor kexatu, ez baitira errealitatean gertatu diren abusuak.
Amamak ezagutu zuen bere biloba nagusiaren lagun min bat; jada ez zegoen bizirik. Haren aurpegia hartuta, ezezagun batek bideo zikin eta nazkagarri bat sortu zuen adimen artifizialaren bidez. Neskatxa gizajoa ezin izan zuen etxetik irten urte oso baten, nahiz eta teknikoki bera ez izan bideo horren protagonista. Ez zuten inoiz tipoa aurkitu, eta atsoa ez zegoen ziur epaiketa bat egotekotan epaimahaiak erruduntzat hartuko zukeen, dena den. Neskatxa koitaduak bizidunen mundutik ihes egin zuen. Ordea, bere irudia oraindik gatibu jarraitzen zuen Internet sakonean, hainbat gizon heldu eta gazteen fantasiak erreal bihurtzen, aurretik baimena eman izan barik.
Horretaz gogoratzeak deseroso sentiarazi zuen amama.
—Lotara noa. Bihar egun berri bat izango da…
Telebista amatatu zuen. Hurrengo egunean gordeko zuen supermerkatutik ekarritako guztia; nolanahi ere, denbora soberan zuen, liburutegia jada existitzeari utziko zion laster, lan barik zegoen jada. Zenbat aldiz borrokatu izan zuen ezagutzaz betetako leku hori mantentzeko, zenbat aldiz atzeratu zuen jubilazioa gizarteari bermatzeko azken liburutegiaren baliabideen presentzia… Azken urteetan gero eta bisitari gutxiago izaten ziren, gizartearen isla argia zen, baina behintzat hor eskuragarri zegoen inork sartzeko eta ezagutzan eta artean murgiltzeko kuriositatea edukitzekotan.
Gizartearen gaitz larriena ezjakintasuna zen. Eta sukarra areagotzen zuen birus arriskutsuena ikasteari ez ekiteko alferkeria zen. Atsoak, liburuzain ohiak, amamak, pertsona hori osatzen zuten alderdi guztiek argi zeukaten: ezagutza eta bakoitzak bere baitatik pentsatzeko ahalmena askatasuna zen, gizabanakoaren sormena baliabide preziatua, eta jakinmina askatasunari heltzeko tresna.
Beharbada, zaharregia zen mundu garaikidea ulertzeko. Beharbada, gizadiaren benetako azken gizabanakoa izango zen. Behintzat, besteek ezingo zuten esan amama horrek borrokatu ez izana. Saiakerek, behintzat, bere gizatasuna adierazten zuten.
Izaro Xueshuang Artetxe San Antón
Latest posts by Izaro Xueshuang Artetxe San Antón (see all)
- Azken liburuzaina, azken gizabanakoa - 11 abril, 2025
Deja una respuesta