Paperez jositako bazter hauetan
denok galduta gabiltza
zeregin luze honetan zer egin ez dakigula
eta kasualitatez ari gara
zerbait egiteko eta izateko beharrez.
Eta horrela bizi gara
bizitzaren soka hauskor honi estuki helduz
herioaren ordu latzen arerio
eta egunero ametsei eutsiz
egunak betirako bailiran.
Itsaso urdin zabalean
luzaroan etzan gintezkeela uste genuen
baina itsasoan egotea hondoratzea da
eta lumazko hegalak politagoak dira.
Ez kezkatu
noizbait itzuliko gara
sortzez baztertu genuen lekura.
Geure azturak
geure irizpen hitsak
zeru oskarbian dilindan daude denak
eta gu jainkoen antzera
beraiekin dantzan
leinu aratzaren umeak lez
baina zerua ez da urdina
eta ez gara uste genuena.
Eta horrela konformatzen gara
geure bizitza egiten
eta besteena hondatzen
ezer inoiz orraztu gabe
izarrak pizten eta itzaltzen
geure aukerak suertatu oro.
Zeinen ahalegin neketsua
kristalezko hormatik aurpegia askatzea
eta arimak ilargipean alaitzen uztea
ez baitago mundu honetan
inolako eskubide sendorik
kolorezko begiak iltzatu ostean
ikusten ez ditugula hobesteko
eta eskuak ukitu baino lehen
eskuak guztiak ukatzeko.
Geure izate hutsa zela
hatzamarrarekin mugak marraztea
nor den eta nor ez den
izendatu ondoren erabakitzea.
Gauzek ezer gutxi esan nahi ez duten munduan
izaki orok uste duen horretan
nik zerbait dakit
ez dago dena dakienik
usterik eta esanik
ez onik ez zinezkorik.
Bada, ez dago lekurik bizigai guztiontzat
Lur honetan ukatutakoa bueltan eskatzeko
begietsitakoa luzaz goraipatzeko
eta errautsetatik berriz ere izar bihurtzeko
ezen makila astintzen duenak baizik ez baitu
basamortuan itzala begiztatzen
eta zenbait denboraz euria dastatzen.
Geure premia ez dut mintzatzen
ezta oraino konprenitzen
eta txori batek xuxurlatu zidan behin:
“begira arraina sugea bihurtzen”.
Bihotz behartsuenetan
eta ezbehar sakonenetan
ipar-haizeak daramanak
baino are gehiago
hori dukegu egia;
pasabide ilunetan etengabe menturatzea
guztiaren artetik geurea maitatzea
eta jainkoekin oraindik dantza dezakegula sinestea.
Ainhoa Defois
Latest posts by Ainhoa Defois (see all)
- Geure bazterrak - 11 abril, 2025
- Azken hitza - 25 abril, 2024
- No Madman’s Story - 25 abril, 2024
- The night - 16 mayo, 2023
Deja una respuesta