• Portada
  • Zona creativa
    • Relato corto
    • Poesía
    • Nuevas literaturas
    • Fotografía e ilustración
    • Entrevista
  • Zona crítica
    • Artículo
    • Ensayo
    • Columna
    • Crónica
    • Editorial
  • Equipo
    • Personas colaboradoras
  • eu
  • es

La Espiral

No es solo una revista

  • deustopoesia26
  • deustorelato26

Katu pertsiar baten memoriak

9 octubre, 2026 by Esther Eizaguirre Pecharromán Deja un comentario

“Es Oeste, no West” de Chisaki Aoyagi.

2014ko uztailak 29

DESAGERTUA
Begi berdeak. Ile marroia, distira naranja arinekin. Persiar jatorria.
KOLABORAZIOA ERREGUTZEN DA.

Herri txiki baten bizi naiz. Herri txikiak politak dira (ez denak, baina nirea bai), baina ez da inoiz ezer gertatzen. Urteak igarotzen dira eta jendea ez da aldatzen. Jaio, hazi, mozkortu, ezkondu, ximurtu, eta plazako zurezko taulatxoan itsatsitako eskela bateko argazki bihurtzera kondenatuak gaude. Betiko jendea betiko tabernetan betikoa edaten, baina prezio altuagoekin, herri txikietara ere inflazioa iristen baita. Gazte, heldu, nahiz atsoen esamesek herria bizirik mantentzen dute, baina berez, ez da ezer gertatzen, ezer garrantzitsurik ez behintzat. Telebistan ikusten diren istorio sinistezin guztiak hirietan gertatzen dira. Herri txikietan ez da ohikoa horrelako kartelak ikustea. DESAGERTUA. Argazki hartako begi berde horiek sekulako eragina izan dute nigan. Pena sentitzen dut bai, baina nire garuna jakin-minak menperatu du guztiz. Non demontre sartuko zen Petraren kartu pertsiarra?

Petra eta bere senarra gure atarian bizi ziren jada nire gurasoak etxea erosi zutenean, ni jaio baino askoz lehenago. Herri txikietan denak elkar ezagutzen dugu, baina Petra pertsonaia nabarmen gutxi horietakoa da. Beti harritzen nau zein laburra den eta zenbat hitz egiten duen(edo oihu egin, urrutitik pasatzen ikusten bazaitu). Lehen, herrian zehar ibiltzen zen pasian, baina orain belaunek min egiten diote eta beti ibiltzen da bloke inguruan bere erosketetarako orgarekin. Errutina gustuko duen emakumea da Petra. Egunero, Aitorri, izkinan dagoen euskaltegiko irakasleari, dementziak jota duten amarentzat eskuminak ematen dizkio; gero, galdetzen dio Juliari, auzoko fruta-dendan lan egiten duen neska kubatarrari, ea badituen beti ekartzen dituen mango goxo horiek; eta azkenik, atari ondoko kafetegian ebaki deskafeinatu bat eskatzen du, “sakarinarekin, mesedez”.

-Aizue, ikusi al duzue ataleko kartela?

Amari irribarre pikaro bat atera zaio, “esan nizuen!” keinu bat.

-Bai, katu gaixoa. Agure erretxin horrek azkenik egin du urteetan zehar egin nahi zuena!

Garai hartan katakume bat baino ez zen katu haren lehen miaua entzun genuenetik Robertok ostiko batekin hilko zuelaren susmoa izan zuen amak. Roberto Petraren senarra da, gizon bakartia eta oso zakarra. Ez du ia inoiz hitz egiten, ezta igogailuan “egun on” esateko ere. Txikitan mutua zela uste nuen, eta horregatik hitz egin zuela Petrak hainbeste, konpentsatzeko. Baina ez. Robertok gorroto du katu madarikatu hori, baina gehiago gorroto du Petra. Amak esaten du errezagoa dela katuak jotzea emakumeak baino, garrasi gutxiago egiten baitute. “Gainera, ezin du bere emaztea akatu gosez hil nahi ez badu”, dio beti.

-Ene Silvia! Zenbat telenobela ikusten dituzun!- erantzun dio amonak.- Krisia hasi zenetik etxe horretan gorroto baino gose gehiago dago. Lepoa egingo nuke gaur

Petrarenean katu-zopa afaldu baietz!

Amonak beti kontatzen dizkigu gerraosteko istorioak, jasan zuten goseari buruzkoak. Gosearekin obsesionatuta dago, inoiz gehiago gosea ez pasatzearekin. Ez da kasualitatea pentsatu izana katu hori presio-eltzean porru eta azenario batzuekin sartu dutela, salda egiteko. Behin kontatu zigun nola egun bero batean mendira joan zen bere anaiekin eta Extremadurako Gloria bizilagunarekin, gazpatxoa edatera. Gose handia zuten hala ere. Gloriak beti esaten zuen: “el gazpacho refresca, pero no alimenta”. Osaba zahar Juan Miguelek ideia bat izan zuen. Baserri inguruetatik ibiltzen zen katuren bat ehizatu, azala kendu, burua moztu eta amari untxi bat harrapatu zutela esango zioten. Hasieran inori ez zitzaion ideia gehiegi gustatu, baina gose handia zutenez, ez zuten besterik. Eguerdian denek isilik eta gogoz jan zuten eltzea, egunak zeramatzaten haragirik jan ezinik. Bat-batean, Gloria, guztietatik kokinena, miauka hasi zen. Nire birramona Carmen oso argia zen, eta berehala konturatu zen gertatzen ari zenaz. Bi egun oso eman zituen oka egiten (edo hori dio nire amonak, exageratzeko nolabaiteko joera duen pertsona batek), eta egun hartatik ez zuen inoiz gehiago bururik gabeko untxirik onartu.

-Hainbeste istorio katu batengatik! Katu gajoak erdi-irekita utzitako atetik ihes egingo zuen, zoro-etxe hortako larrialdi irteera bilatu nahian. Jada autoren batek harrapatuko zuen, edo gosez hilko da laster bestela.

Aita beti bezain zentzuduna, beti bezain logikoa.

-Benetan, mutil, ze gatzgabea zaren! Eta zuk zer uste duzu, amore mio?

Amore mio abuelo Claudio da. Amonak amore mio deitzen dio badakielako aitonak gorroto dituela dramatismoa eta erromantizismoa.

-Eh… ba… ez dakit, ez dakit… Dejadme ver la película de vaqueros de la etebedos.

Aitona herri txiki honetara oraindik eta herri txikiago batetik etorri zen, Segovian zeukan guztia atzean utzita, gehiago irabazteko eta hobeto bizitzeko esperoan. 60 urte hauetan gauza asko egiteko denbora izan du. Nire amona ezagutu, familia bat sortu, apartamentu txiki bat erosi, hiru ortu ezberdin izan, hiru fabrika ezberdinetan lan egin, hiru hezur ezberdin hautsi, bitan langabezian egon.. Eta behin loterian 6.000 pezeta irabazi zituen! Hobeto irakurtzen ikasi izana gustatuko litzaioke, eta hobeto idazten ikasi izana. Baina batez ere, gehien tristetzen duena euskara ez ikasi izana da. Besteek esaten dutena ez ulertzearen sentimenduak larritasun handia eragin zion hasieran, baina denborarekin ohitu egin zen. Pozik zegoen burbuila batean sartu zen, bere inguruan gertatzen zenari atentzio handirik jarri gabe. Atariko kartela ikusteak gogorarazi dio nola gaztetan ortuko katuei buztanetan matxardak jartzen zizkien, zoratu, minez kikildu eta denborarekin isatsa erortzeko. Baina ez zaio gehiegi axola katu hari zer gertatu zitzaion, etebedos-eko filmak gehiago interesatzen zaizkio.

-Zuk zer gertatu dela uste duzu, Maddi?

Nik ez dakit. Hori da kontua. Detektibe eta krimen inperfektuen mila telesai ikusi baditut ere, arrastorik ere ez Petraren katuarekin gertatu ahal izan denaren inguruan. -Again mafia errusiarrak bahitu du, eh, amore mio?


2022ko irailak 1

-Maddi, enteratu al zara? Petraren katua aurkitu dute!

-Ez da izango! Petraren katua… ala haren gorpua?

-Aitorrek abuztuko oporrak eta gero euskaltegia ireki eta han aurkitu du ilezko bola bat kumunetik edaten. Hezurretan omen dago gajoa.

–Mira cariño, ¡al final el katu de la Petra se ha puesto a dieta antes que tú!

-Bai, amore mio, eta zuk baino lehenago ikasi du euskaraz!

The following two tabs change content below.
  • Bio
  • Latest Posts

Esther Eizaguirre Pecharromán

Latest posts by Esther Eizaguirre Pecharromán (see all)

  • Katu pertsiar baten memoriak - 9 octubre, 2026

Publicado en: Destacado, Relato corto, Zona creativa

Deja una respuesta Cancelar la respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Universidad de Deusto

La Espiral y la Universidad de Deusto no se hacen responsables de las opiniones vertidas por las personas colaboradoras | © 2026 | Privacidad | Acceder