• Portada
  • Zona creativa
    • Relato corto
    • Poesía
    • Nuevas literaturas
    • Fotografía e ilustración
    • Entrevista
  • Zona crítica
    • Artículo
    • Ensayo
    • Columna
    • Crónica
    • Editorial
  • Equipo
    • Personas colaboradoras
  • eu
  • es

La Espiral

No es solo una revista

  • deustopoesia26
  • deustorelato26

Ito

30 octubre, 2026 by Marina Landa Deja un comentario

“Inmesión” de Aitor Sevillano.

Ni hegazkinez iritsi nintzen; haiek, lepo doan barkuan, arnasestuka, hilzorian. Nik maleta handia neraman; eurek motxila txikia ere uretara bota behar izan zuten ontzia hondora ez zedin. Ni erantzun bila nentorren; haiek galderetatik ihesi zebiltzan. Ez da ez zuzen, ez zilegi, haiez iraganean hitz egitea. Haiek, izenik gabekoak, astero iristen baitira uharte honetara. Augusta eta Trapaniko portuek besarkatu ohi dituzte, baina ez da besarkada beroa, estua… hotza eta enpatiarik gabekoa baizik. Behartua, bederen. Eurek ez dute benvenuti dioen kartelik zain. Ironikoa egiten zait hainbat eta hainbat pertsonari dena kentzen dionak niri horrenbeste eskaini izana.

Foro Italico-tik paseoan nabilen askotan haiengan pentsatzen dut, zehazki nortzuengan ez dakidan arren. Kolektiboa da, zenbakia besterik ez. Aurpegiek ez dute hazpegirik, edozeinen begirada izan liteke ortzi-mugan iltzatuta nabari dudan hori. Noizbehinka, itsaso-azalean islatzen diren eguzki izpiek begi-keinua egiten didatela sentitu eta hotzikara burutik eskuineko behatz lodiraino doakit. Haiek dira epaitzen nautenak, ala baliteke ni neu izatea? 

Zorionez, nire buruak arreta desbideratzen ikasi du horrelako irudi itsusiak iristen zaizkionean. Bihar korrika egitera etorriko naiz hona, Vittorio Emanuele-tik jaitsi, kalatik sartu eta Santo Erasmo-raino hurbilduko naiz, ondoren buelta emateko. Bikain. Zer afal dezaket gaur? Baliteke kozinatu behar ez izatea, Daniele eta Giulia ateratzekoak diraeta. Via Maqueda-ko pizzeriara joatea proposatuko diet, bai. Bertan “Aperol” hotz-hotza eskatuko dudalakoan nago. Zoragarri.

Izan ere, haiengan “askotan” pentsatze horrek ez du “beti” esan nahi. Gogoan dut Mondello, Capo Gallo eta Scoppello bisitatu eta bertan bainua hartu nuenean nire gorabeheretan kontzentratu nintzela. Bakarrik itsasertzetik ibiltzen, lagunen barreak gero eta urrutiago entzuten nituen bitartean, eguzkia Punta Raisi-tik ezkutatzen zihoala. Zerura begira irribarretsu flotatzen, besoak eta hankak suabe mugitzen aingeruaren forma egin nahian. Kantuan, gitarra doinu artean, azaroko hotza ile bustitik hezurretaraino sartzen zitzaidalarik. Paradisuan sentitzen nintzen.

Mediterraneoak badu harrapatzen nauen zerbait. Ni, Kantauri itsasoaren alaba, Zurriolako kresalaren maitale, Sagueseko iluntzeen begirale. Bai, ni neu. Ur epelaz gozatzen, ia ikusi eta nabaritu ezin diren olatuek nire gorputza, beltzarandutako gorputza, goxo-goxo mugitzen dutela. Traidore. Zoriontsu nire traizioan, betiko ainguratik urrun, marea berriak ezagutzen. Siracusa-ko brisa arnastu eta etxean sentitu nintzen, Taormina-ko gailurretik ura eta lurraren arteko lotura ikusi nuen, niri beso zabalik ongietorria eginez. Cefalù-n orduak eman nituen portuan, kaioen hotsak sirenen kantu bihurtu ziren arte. Nire lurraldea eta kontzientzia atzean utzita, hipokrita. Eta pixka bat zoriontsu.

Aitona ere zendu zitzaigun Mediterraneoan, oso modu ezberdinean, baina. Ez zen itsasgizona ogibidez. Hondartzetan bainua hartzea zen bere ekintza kuttuna, eta hala eraman zuen patuak, kostaldean oporretan zegoela, betiko itsasoaren barrenetan murgilduta. Agurtzeko aukerarik eman gabe. Aitona maiz datorkit burura, ur gazia gorputz-atalak estaltzen dizkidala. Nolabait bere energiarekin bat egiten dudala sentitzen dut. Orduan pentsatzen dut nahita ez zidala agurrik egin, ur hauetan behatz potoloa bustitzen dudan bakoitzean kaixo esan nahi zidalako, ni neu ere energia hutsa bihurtu arte. Eta sentsazio ederra da.

Ederra, zoriontsu izateko eskubidea dudalako, beste batzuek ez bezala. Batzuei arazo pertsonalak izatea ere debekatu zaielako. Kexatzeko askatasuna kendu dietelako. Beste ezertan pentsatzeko aukera lapurtu dietelako. Baina ez niri. Agian, italiera hitz egin ez arren beste hizkuntza europar bat dudalako ama hizkuntza. Beharbada, nahiz eta ez izan italiar aurpegierak, nire azala argia delako. Akaso, hegazkinez iritsi nintzelako etsitutako ehunka lagunarekin barkuz etorri beharrean. Eta, seguruenik, nire arazoen motxila tolera dezaketelako haiekin identifika daitezke-eta. Finean, hutsalak baitira. Ez gerrarik, ez bortizkeriarik. Ziur aski, bai, ziur aski, bizirik sentitzeko etorri nintzelako, eta ez, besterik gabe, bizi ahal izateko. 

Eta argi daukat, horregatik guztiagatik ez nautela immigrantetzat jotzen. Horrek guztiak ematen dit ametsak izaten jarraitzeko aukera. Horri esker goza dezaket olatuek oinak bustitzen dizkidatenean. Itsasoa bare-bare eta ni lehertzear. Nola da posible, nola? Niri horrenbeste bizi ematen didan Mediterraneoak hainbeste bizitza eramatea.

The following two tabs change content below.
  • Bio
  • Latest Posts
Marina Landa
My Twitter profile

Marina Landa

Donostiarra, gaur egun pixka bat errenteriar eta baita palermotar ere. Bere bizitza letragintzari lotuta dago: euskal pop musikari buruzko tesia egiten ari da, letren analisia oinarri hartuta, eta kantautorea da. Egunero jango luke pizza, baina laktosari intolerantzia dio.
Marina Landa
My Twitter profile

Latest posts by Marina Landa (see all)

  • Ito - 30 octubre, 2026
  • Hirian, ni - 25 mayo, 2022

Publicado en: Destacado, Relato corto, Zona creativa

Deja una respuesta Cancelar la respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Universidad de Deusto

La Espiral y la Universidad de Deusto no se hacen responsables de las opiniones vertidas por las personas colaboradoras | © 2026 | Privacidad | Acceder