Neguko arratsak goibelak izan ohi dira. Zerua gris, kaleak triste, ilun. Etxean, mantapean kafesne katilukada alboan dudala pasatu ohi izan ditut. Mantso pasatzen da denbora, oso mantso. Ordulariaren orratzek ere nekatuta dirudite. Tik-tak, tik-tak.
Udaberria gainean dugula jabetu naiz. Egunak luzatzen dihardute pixkanaka, zuhaitzek hostoak berreskuratuko dituzte, eta kaleko arima hotzak epeltzen hasiko dira. Baina negukoak bezain tristeak egiten zaizkit azken aldian. Neguko arratsaldeak bezain goibelak.
Laurak eta erdi. Bizilagunak etxetik atera direla ohartu naiz. Igogailua deitu dute, eta leihora hurbildu naiz. Ezkaratzetik atera dira. Haurrak animalia amorratuak bailiran korrika, etxetik irteten diren lehen aldia balitz bezala, eta ama aldiz erdi beldurtuta, arratsaldeak zer ekarriko dion pentsatuz. Arnasa hartu du sakon, hasperen egin eta haurren atzetik abiatu da.
Hamar minutu pasa baino lehen mugimendua sumatu dut goiko pisuan. Hanka hotsak sukaldean, armairuren bat ireki eta egongelara joan da jarraian. Telebista hotsa entzun dezaket, edo musika da agian? Senarra helduko zen. Kankailu horrek, etxea bakarrik dagoela aprobetxatu eta arratsaldea sofan etzanda pasatuko du.
Jangelako mahaian jesarri naiz eta telebista piztu dut berriro ere. Egongelakoa ere piztuta dudanaz ohartu naiz, baina hor konpon. Ateari bultza egin diot.
Lehen katea, bigarrena, hirugarrena… ez dago ezer interesgarririk. Laugarrenean programa xelebre bat, eta bostgarrenean berriz arratsalderoko txutxu-mutxu programa. Seigarrenera pasa dut. Hemen berriz mahai baten inguruan dauden dozena erdi hitzlari; honek ere ez dirudi serioa. Aurreko katera pasa dut, eta betiko moduan, fruta izendun programen maratoia egingo dut, lehenik laranja, ondoren limoia eta azkenik banana. Edo alderantziz, ez dut gogoratzen. Tarteka hirugarren katera egingo dut salto, telenobelaren nondik norakoak jakin nahian.
Karta jokoan arituko nintzen gustura. Baina norekin?. Hainbat lagun joanak dira -goian beude, lepoko gurutzeari eman diot muin-, beste hainbat bilobak zaintzen egongo dira, eta geratzen direnak egoitzaren batean daude.
Urte batzuk direla, jubilatuen elkartean pasatzen genituen arratsaldeak. Jokoan ibiltzen ginen, edo besterik gabe mahai borobilean bildu eta hitz aspertuan igarotzen genituen orduak. Tarteka bingoan, eta beste hainbatetan ingurukoez esameseka. Bidaiaren bat edo beste egin genuen Levanteko kostara. Ondo pasatzen genuen, azken finean. Baina pixkanaka joateari utzi genion. Batek osasun arazoak, besteak bilobak zaindu beharra… ugariak ziren aitzakiak. Utzikeria pixka bat ere bagenuela onartu beharra dut. Erosoagoa zitzaigun norbere erara ibiltzea, besteen menpe egon beharrik gabe, eta hona hemen ondorioak. Orain gustura joango nintzake ordea, baina ezin! Badakit, bertaratuko banintz inork ez nindukeela ostikoka kalera bidaliko baina… Erraza da esatea, zaila aldiz egitea. Ez da lotsa, ezta hantustea ere. Ez dakit, ez naiz gauza ikusten. Etxean geratuko naiz.
Publizitatea. Zazpi minutu. Intxaur batzuk txikituko ditut bitartean.
Ordulariari begiratu diot. Tik-tak, tik-tak. Oraindik arratsaldeko bostak.
→ Irakurri hurrengo atala Hitz mutuak IV: Ilunsentia
← Irakurri aurreko atala Hitz mutuak II: Eguerdia
_
Testua: Jon Munduate, XXV. kontalizun laburren lehiaketako lehenengo sariduna euskarazko modalitatean.
Argazkia: “Sentido y Sensibilidad” Aitana López de Argumedo, Anaia Oroz XXII. argazki lehiaketara aurkeztua zuri beltzeko modalitatean.
La Espiral
Latest posts by La Espiral (see all)
- 2024ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 25 April, 2024
- Lucía Fátima Franco Goyena ikaslearen “Llenos de vacío” poema liburuaren aurkezpena - 15 March, 2024
- 2024ko literatur lehiaketak - 1 February, 2024
- 2023ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 28 April, 2023
Leave a Reply