Ordulariari begiratu diot. Hogei minutu pasatxo dira seietatik. Afaria prestatuko dut. Baratxuri zopa. Lehengaiak gozo gozo irakiten utzi eta mahaira itzuli naiz. Telefonoari begiratu diot, akaso seme edo alabaren deiaren esperoan? Ez dakit.
Ia bada urtebete alabak azkeneko aldiz deitu zidanetik. Deia etorri zait gogora.
– Kaixo ama! Zelan? –Pozik zegoela zirudien, ohikoa baino ahots eztiagoarekin hitz egin baitzidan.
– Ondo, hementxe, betiko martxan, oraintxe etxean sartzen, Marianjelesekin askaltzeko geratuta bait nengoen. Zuek zer moduz? eta umeak? –Zertarako esan etxean pasa nuela ia egun guztia? Erritan egiteko? Tira, tira, nahiago nuen lagun zahar batekin arratsalde pasa izan nintzela esan. Portzierto, bizirik ote da Marianjeles? pentsatu nuen neure kolkorako.
– Bai… badakizu, txikitxo hau ez da geldi une batez ere egoten eta… leher eginda egia esan, baina bestela dena ondo. Aspaldi ez duzu ikusi eta aldatuta daudela jabetuko zara hurrengoan –haurra zain nezala eskatu behar zidala ohartu nintzen– zera… Jokin eta biok Errioxako ardotegi batera asteburu pasa joatekotan gara, eta… zurekin utz dezakegu umea ezta? Mila esker ama! Ostiral arratsaldean ikusiko gara, muxu bat! –berehala eskegi zuen telefonoa. Banekien.
Nire baiezkorik jaso gabe bere buruari berretsi al zion? Hala dirudi.
Erre usainak pentsamenduetatik errealitatera itzuli nau. Albora begiratu dut. Lapikotik ateratzen den keak ez du batere itxura onik. Zopa itsatsi zait. Su biziegian ote neukan? Ur gutxiegi agian?
Arraska urez bete eta lapikoa beratzen utzi dut, garbiketa lana samurragoa izan dadin. Kontserbako sardina lata bat irekitzekotan egon naiz, baina arrautza bat frijitzea pentsatu dut. On egin.
→ Irakurri hurrengo atala Hitz mutuak V: Gaua
← Irakurri aurreko atala Hitz mutuak III: Arratsaldea
_
Testua: Jon Munduate, XXV. kontalizun laburren lehiaketako lehenengo sariduna euskarazko modalitatean.
Argazkia: “Sigamos adelante” Xabier Mendizabal, Anaia Oroz XXII. argazki lehiaketaren lehenengo sariduna zuri beltzeko modalitatean.
La Espiral
Latest posts by La Espiral (see all)
- 2024ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 25 April, 2024
- Lucía Fátima Franco Goyena ikaslearen “Llenos de vacío” poema liburuaren aurkezpena - 15 March, 2024
- 2024ko literatur lehiaketak - 1 February, 2024
- 2023ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 28 April, 2023
Leave a Reply