Zinez bidegabea da benetako Historia aztertu eta ilustratu nahi dugunok nahibeste funts ez jasotzea proiektuen garapenerako. Baina maiz halako irrikak korapilatzen zaizkit bestela orokorrean nahikoa pragmatikoa den pertsonalitatean. Ez da zinemagintza ala liburugintza kontu bat, baizik eta epika eta nazio-eraikuntza. Zer izan daiteke interesgarriago? Milioiak banitu, loteria irabaziko banu, jaraunspen ezezagun bat jasoko banu: dena lioake pelikula epikoak finantzatzera. Kontuan hartuta filmak direla kulturaren eramaile nagusiak egun, eta badirudiela epikotasuna, drama eta mezu historikoa direla ildo nagusia –eta baita, fantasia epiko honen barruan (fantasia epikotzat ditut ere bai zinez Historian oinarritutako pasadizoak, finean ez direlako, gehienontzako gutxienez, analisirako aurkezten, gure espirituen aztoratzerako baizik), garaiko pertsonaiekiko fidagaiztasuna eta haien arteko traizioei buruzko kontuak, Game of Thrones telesailaren erara–, Baskoien Historian hainbat eta hainbat eredu daude mundu-mailan interesa sortzeko modukoak, eta bide batez gure nazioaren epika berreskuratzekoak.
Beti esan izan dut Orreagako setioari buruzko pelikula bat maiteko nukeela, Mel Gibson-ek Apocalypto-rekin egin zuen bezala: bertako hizkuntza errespetatuz, narrazioa txikitik handirantz garatuz, eta bertako paisaia naturalak eta memoria goraipatuz. Aurreratu egin zait, antza denez, Paul Urkijo Alijo zuzendari gasteiztarra. Errementari (Ikusgarri films eta beste batzuk, 2018) ekarri zigun buru berak osatu du Irati (Ikusgarri films, TBA), filme epiko-fantastiko bat, non Baskoi zaharren ohiturak aztertzen diren eta Orreagako setioaren kontu ematen den ere. Gogotsu nabil filme honetaz gozatzeko; esan zatekeen ni bezalako ikuslearentzako asmatua dagoela. Ez dut uste Apocalypto-k zuen thriller kualitatea erreplikatu nahi duenik, baina ez dut ere zalantzarik borroka pasarte zorrozki koreografiatuak egongo direnaz, jantzitegi landuetaz eta Pirinioen aldeko paisaia ederretaz gain. Baina bereziki axola didana hizkuntzaren tratamendua da, eta hemen badago pozteko arrazoirik: Urkijok Errementari-n Gorka Lazkano hizkuntzalariaren laguntza izan zuen, XIX. mendeko hasierako Arabar euskara errepikatzeko (famatua pelikulak jendarteratu zuen Gazin! deia). Nahiz eta askoz hutsune gehiago dagoen IX. mendeko euskararen ezagutzan, ikusi nahiko nuke nola berreraikitzen duten pelikula baterako. Zorionez, Historiaren moldaketa hau doiagoa izango da hizkuntzalaritzarekiko beste saiakera moderno batzuk baino (e.g. Akelarre, 2020).
Baskoiok Charlemagne buztana hanka tartean sartuta Parisa bidali genueneko aldiaren moldaketa ikusteko zain, otutzen zaizkit beste hainbat garai eta pasadizo pelikularatze bat merezi zezaketenak. Argiena, Nafarroako erresumaren azken hamarkadetan zentratua, eta bereziki, 1512an Amaiurko gazteluan egindako defentsa. Badugu oinarritzeko moduko idatzizko materiala (Joseba Asiron eta Martintxok landutako Amets urratua komikia), zeinak Xabier-ko gazteluko jauntxo militarren ikuspegitik lantzen dituen XV. mendearen amaierako leinu gerren azken astinduak eta nola Gaztelako erresumak, hauek aprobetxatuz, Nafarroako erresuma indarrez hartu zuten, soilik hamarkada gutxi batzuen ondoren Amaiurko gaztelua berrartu zezaten Donibane Garazitik nafar jauntxoek, 300 gizoneko goarnizioak aurre egin ziola bertan 10.000 gizoneko osatutako gaztelar gudarosteari.
Interesgarriak lirateke ere, beti ikuspegi historikotik, karlistadak, Errementari-k berak ala Handia-k (Moriarti eta beste batzuk, 2018) alboz ukitzen dituztenak. Imajinatu: Fernando Azpisugearen botereagatiko borroka, bere heriotza eta horrek Madrilen eta Forudun lurraldeen artean sortzen dituen arrakalak, egun arte luzatzen direnak. Antso IV. Peinalengoaren gorteko tirabirak eta bere anai-arrebek hura erail zuteneko erak Bardo Hilezkorraren Macbeth-en mailako lana eman ziezaguken. Halaber, Bizkaiko Jaurerriaren osaketa mitikoak ere baditu hainbat elementu interesgarri, hala nola erromatarren osteko independentzia politikoa, jauntxo arabe zein kristauekiko liskarrak, Gernikako batzaren osaketa eta Jaun Zuriaren helduera. Azken aukera gozoago dakusat Anton Erkorekaren Los vikingos en Euskal Herria (Ekain, 1995) irakurri ondoren, non egileak iaioki marrazten duen bikingoek Mundakako itsasadarrean izan zuten presentziaren hipotesia.
Hau idazten ari naizela, San Ildefonsoko umeak badabiltza zenbakiak aldarrika, eta ni hatzak uztarturik nabil, ordainduko badute nire ametsa. Altxor publikotik ezer gutxi espero dezaket, gure garaiko Izurri Beltzari adi baitaude gastuak, behar denez. Akaso horixe da Erdi Arotik hain gustuko duguna: gure garaiarekiko paralelotasunak argi marraztu daitezkeela, gure zeitgeist partikularra oso leku txarrean uzten badu ere.
Bakea eta maitasuna!
Jokin Erkoreka
Latest posts by Jokin Erkoreka (see all)
- IDLES - 14 March, 2022
- Orreaga, etab. - 4 March, 2022
- Eukaliptoa - 12 November, 2021
- azalberritu - 2 June, 2021
Leave a Reply