Maiz pentsatzen dut
ni ote naizen hirian
edo hiria nigan
kaosaren errudun.
Zeharkatuta zubia,
bihotzak eta distira.
Hamaika dira galderak,
bat bera ere ez helburu.
Aldatu zaizkit begiak
hemengo paisaiarekin.
Korapilatuz hariak,
etxetik hain naiz urrun.
Eta bakarrik.
Batzuetan irrikan,
akaso alferkeriaz,
askotan buru-makur.
Itxurosoa irria,
itxurazkoa, jakina,
zebrabide erdi-erdian,
hutsala baino, astun.
Trabatutako mihiak
husten dit barnea
belarritik belarrira:
bada, kaixo ala agur?
Kale artean galdu naiz,
goizetik lagun bila
ibiltzeko aisia
egiaren beldur.
Ilunaz nahiz argiaz
zain egoten bai abila
etsitu zaizkit denak,
gihar nahiz hezur.
Espaloi ertzean habia
sortua daukat aspaldi.
Geroztik malenkoniak
laztantzen nau leun.
Ez dakit noiztik dudan
ahaztua zergatia,
izanda sasi-lamia
minutuak zaizkit ordu.
Esklaboz lepo hiria,
hodietatik darie mina.
Zentzua alderantziz doa,
beti erne eta kontuz.
Ispilua zintzo begira:
ez naiz lehen nintzen berdina,
hankaz gora dut bizitza,
arima zait erotu.
_
XI. poesia lehiaketako bigarren sariduna euskarazko modalitatean.
Marina Landa
Latest posts by Marina Landa (see all)
- Hirian, ni - 25 May, 2022
Leave a Reply