Aitortu behar dizut, ikusi zintadanean sekulakoa zinela esana zidatela, eta aldiz niri, sekulako nagia eman zidala zuregana hurbiltzeak. Neska denak hantxe zenituen, atseden tarteak aprobetxatuz hainbat galdera eginez. Denak zure erantzunaren, keinuaren, irribarrearen esperoan. Eta nik, aldiz, komunera bidean ondotik pasatzen nintzenean, sekulako galbana sentitzen nuen. Nahikoa nuen nuen guztiarekin, ezin nahi nuen guztia ikasi, nahiz eta ahal nuena eta gehiago estudiatu, eta hortxe, pinpilinpauxa horiek, zure inguruan, nik nigan nuen ezin iritsi sentsazio eta antsietate hori izango ez balute bezala, agian egia zelako ez zutela eurak halakorik. Behar bada, nire kontu bat zen, agian modu ez egokian bizi nuelako hura, nire paranoia horietako bat, zuk diozun bezala. Denok azterketa bera egiteko asmo bera genuelako ginen han, baina bitxia da gizaki bakoitzaren erreakzioa egoera berekiko.
Eta horrelaxe hilabeteak pasa ziren, zure eskolen atseden tartean, komunera bidean, beste hainbat ikaskideren moduan, nekiena eta jakin beharko nukeena ezin ondo balantzatu, isilean nire ezin hori pairatuz. Egia da nik beti begiratzen zintudala, beno, zu eta zure pinpilinpauxak, munduaren paradoxaren metafora moduan, batzuk hain larri eta besteak hau jolas bat izango balitz bezala. Zuk diozu zuk ere fitxatuta ninduzula. Auskalo, zer axola dio orain horrek.
Eskola azken egunean, ni komunerako errenkan nintzela, niregana hurbildu zinen, eta, eskola amaitzean kanpoan itxaron zintzadan eskatu. Ni sor eta lor gelditu nintzen, buruarekin baiezkoa egiten nizun bitartean.
Egia esan, baietz esan nizun adeitasun kontuagatik, irten nintzen bezain laister, hamar segunduko itxaronaldia egin ondoren, ez bainion batere zentzurik hartu zain egoteari, eta etxerantz bidea hartu nuen.
Eta hortxe bukatu zen historia, historiarik badago. Edo hala pentsatu nuen nik behintzat, koitadua, garai hartan.
Hurrengo egunetan, itxialdia eragin zigun aztekerta luze eta nekeza egin eta hiri hartatik ospa egin nuen. Lanean hasi aurretik egun batzuk libre hartuta nituen, energia bildu, nire burua goxatu, eta berriz ere, egunerokoari indartsu ekiteko.
Onartu beharra dut, nahiz eta lur jota bukatu, oso eskertuta nengoela. Eskola haiek ikasketa latz hartan oso lagungarriak izan baitziren, Bertako irakasle eta organizatzaileengandik jasotako gupida hura ez nuen bestelako ikastetxetan sekula sentitu. Benetan onak dira.
Baina ni jada, Belgikan nintzen, giro hartatik urrun, Belgikako hiri eder haiek nire kaxa ezagutzen, Gante, Dinant, Brujas, Lieja, Damme,.. Zenbat edertasun nire begi nekatuentzat, neerlandesa, ingelesa, frantsesa, alemana entzunez, hizkuntza bakoitzaren doinu irrikagarriekin gozatuz, azken urteetan galdutako hizkuntza arrotzen gaitasun mailari aurre egiten saiatuz. Eta estasi moduko egun haietan, nire buruarekin nuen elkartaratze hura sakonkiago biziz, agian hau guztia eragingo zuen zerbait egin nuen. Berez, nire identitatea zeraman detaile txiki bat besterik ez zena. Baina, zergatik bakoitza den modukoa izateari uko egin? Zergatik galdetu dut… Beti dago zerbait ez egiteko arrazoi bat, nork bere burua babesteko bada ere, baina horrek ere baditu bere ondorioak, aske sentitze beharrak batzuetan gatibu bihurtzen gaitu. Solasagatik besteratu naiz, barkatu. Kontua da, email bat bidali niela bertako langileei, eskola hartatik pasa izana eskertuz. Benetan lan mardula egiten zutela azpimarratuz eta euren ekimena goraipatuz, halaxe pentsatzen jarraitzen baitut. Eta hortxe eman nion: Send.
Nire bizipen belga haretan, handik 48 ordura, zure erantzuna jaso nuen. Nire eskerra eskertuz, etxerantz itzultzerakoan, jakinarazi niezaiola, nire hirira bisitan etortzeko gogoa baitzuen. Gure hiria benetan ederra dela nik ere badakit, baina ziurrenik zure ondo geratzeko estrategiaren barruan zihoala pentsatu nuen, hain zinen gizartekoi. Eta ez nizun erantzun. Batzuetan kosta egiten zait manerak zaintzearen kontuarena. Hala ere, urteen poderioz hori ere hobetu dut. Gizartean bizitzeak intrinseko dakarren itxura gordetze hori jada ia barneratuta dudala esango nuke, edo agian zu zeu izan zara, honetan ere, nire irakasle. Baina orduan, oraindik gordinagoa nintzen.
Donostira itzuli eta nire egunerokotasunean murgildu nintzen, lan berri batean, pozik, azterketa atzean utzita, bizitzaren nire hurrengo etapa gustura biziz. Handik bi hilabetera jaso nuen zure emaila, Donostira zentozela eta kafetxo batera gonbidatzen ninduzula. Jostari erantzun nizun leku eta ordu batekin emaila, harridura mantenduz baina erlatibotasuna indartuz, gehiegi hausnartu gabe. Xelebrea da nola alai gabiltzanean, indartsu, erraztasun handiagoarekin kentzen diogun zama edozerri.
Ze ondo pasa genuen! Egun paregabea gure alde izan genuen, baina eguraldi txarra egin izan balu ere, gure artean sortu genuen giro atsegin hori ez zigula ezerk kenduko esatera ausartuko nintzateke.
Hurrengo goiza, benetan itzela izan zen, gustura gosaldu ondoren, gure hiri zoragarriko hainbat txokotara eraman zintudan, oinez, lasai, egun eguzkitsua aprobetxatuz, gure burbuilan. Eguerdian zure kotxera lagundu zintudan eta, nire ustez biok negar malkorik ez isuritzeko esfortzua egin genuen. Hurrengo astean etortzeko aukera zenuela esan zenidan. Eta nik burua makurtu nuen; alde batetik nire malkoz beteriko begiak ikus ez zenitzan eta bestetik nire Pariserainoiko irribarreak lots ematen zidalako.
Eta hurrengo hilabeteak Disneyko filmeetan gertatu ohi den modukoak izan ziren. Nik ezin sinestu. Perfektuegia, konplizitatez, konfiantzaz, goxotasunez, opari txikiz beteta. Eta nik nire erlazio berri honekiko beldurrak azaltzen nizkizunean beti zenuen aldarte ulerbera hori, emeki, adi nire behin eta berriko ikarak xahutzen saiatuz, une horietan behar nuen errespetu eta maitasun guztia sentiaraziz. Bikaina zinen. Sekula ez nintzen nahi ez nuen ezer egitera behartuta sentitu. Beti zenuen ni baretzeko keinu eta hitz perfektua.
Eta bat batean Badajoz. Zure lanagatik, asko bidaiatzen zenuenez, asteburu hartan, beste batzuetan bezala, ez ginen ikusi. Baina, ez zuen axola, gurea benetan irmoa baitzen, eta egunean zehar astirik ez bazenuen, gaueko ordu txikietan deitzen zenidan, Morfeogandik askatu eta zuri estukiago lotuz, eta ni pozik, zoriontsu, losintxatua sentitzen nintzen.
Badajozetik bueltan, beste askotan bezala, kotxetik deitu zenidan, egun hartan nik lankideekin izandako bazkarian denok batera egindako argazkia bidali nizun whatsapetik eta guztiz haserre esan zenidan, zuk ni errespetatzen ninduzun moduan, nik ere zu errespetatzea gustatuko litzaizukeela. Ez nuen ulertu, guztiz berotuta, beste mutilekin ibiltzeak graziarik egiten ez zizula azpimarratu zenidan. Nahastuta, lankideen argazkia zela komentatu nizun, eta zuk baietz, bazenekiela lankideak zirela, baina argi zegoela nik halako erlazio estua nuela argazkiko mutil batzuekin, askotan aipatzen omen nituen gure elkarrizketetan. Ulertu gabe jarraitu nuen, nik bidalitako argazkia begiratu nuen, eta bertan hiru lerrotan ginen lankide denak, txintxo-txintxo, sagardotegiko kupela atzean, ez nion bestelako ezer antzematen argazkiari. Konfiantza ez bazegoen gurea ezin zela mantendu esan zenidan, eta pentsa nezala benetan elkarrekin jarraitzea nahi nuen ala ez eta telefonoa eskegi zenuen. Txundituta, guztiz galduta, minduta nengoen eta sekulako negargura sartu zitzaidan. Behin eta berriz argazki hura begiratu eta ez
nuen ulertu. Ez zegoen keinu arrarorik eta ez nion gaizki egiteko bidali, alderantziz, nirea bere sentitzen nuenez, berekin elkarbanatzeko modua bezala. Hurrengo egunean barkamena eskatuz mezutxoa bidali banizun ere, ez zenidan egun osoan erantzun. Eta gabeko ordubietan deitu zenidan. Beldurrez hartu nuen, baina berehala lasaitu nintzen, betiko zu zinela sentitu nuenean. Ez zenuen argazkiaren kontuarekin gertatukoa aipatu, eta bestetan bezala zure eguneko kontuak eta nik neureak kontatu genizkion elkarri. Lasai geratu nintzen, eta agian distantziarengatik edo, gaizki ulertua izango zela bururatu zitzaidan. Mutilik zegoen argazkirik bidaliko ez nizula erabaki nuen, luze pentsatu gabe. Handik bi egunera, berriro beste elkarrizketa arraro bat izan genuen. Asteburuko planaz galdetu nizunean, ezin zinela beti nire zain izan esan zenidan ozenki, zuk ere gauza asko zenituela egiteko, eta ez nintzela ni lanpetuta bizi zen bakarra. Berriro ere, hitzik gabe geratu nintzen, ez baitzen hori nik transmititu nahi nuena eta telefonoa eskegi zenuen. Hilabete pasatxo, bizikleta txapelketa bat zenuen, eta agian urduritasunagatik sentiberago zinela ondorioztatu nuen. Ondorengo 48 orduak zure berririk gabe pasa nituen, nahiz eta nik deitu eta idatzi. Handik bi egunera deitu zenidan, barkamena eskatuz, agian, nekeagatik edo, nirekin ordaindu zenuelako. Garrantzia kendu nion, baina onartu beharra dut horrelako jarrerek hasiera batean uste baino min gehiago egiten zidatela, ez nengoen horrelako erreakzioetara ohituta. Dena dela, bizikleta txapelketa pasatzean nire sentsazio hauek kontatuko nizkiola erabaki nuen, ordura arte itxarongo nuela, benetan presiopean bazebilen, nire babesa behar zuen eta ezin nion huts egin, ezta nire sentimendu txatxuekin berari denbora galarazi. Azken finean, argi zegoen izugarri pila maite geniola elkarri. Bizikleta txapelketa egin zenuen, pozik geratu zinen lortutako markarekin eta ni are pozikago zu alai ikusita. Elkarrekin geratu ginen hurrengoan, nik aurretik gertatutakoak komentatzeko xedea aipatu nizun, eta berriz ere barkamena eskatu eta ahazteko eskatu zenidan, estresaren kontua izan zela. Ez genuen gehiegi sakondu, baina berriz ere zu zinen, zure jarrera lasaigarri horrekin, ez nuen giro goxo hura nire gelberagatik zapuztu nahi. Hala, hurrengo hilabetetan, zure erreakzio sutsu eta lekuz kanpokoak areagotzen joan ziren, batez ere elkarrekin bakarrik eta inguruan inor gabe ginen une intimo horietan eta nik jarrera horiek guztiak justifikatzeko eta horiei indarra kentzeko gaitasuna garatu nuen. Bai, baina konturatu gabe, trebetasun hura indartzen nindoan heinean, ni, bizitzako beste eremuetan, gero eta txikiagoa, ahulagoa eta
hauskorragoa bihurtzen ari nintzen. Lanean gero eta dudatsuagoa nintzen, baina estresa izango da, nire izatezko alaitasuna itzalita zegoela ohartu ziren ingurukoak, baina opor falta izango da, lagun artean banengoen, nahiago nuen argazkirik ez atera, eta nahiago nuen mutilik etor ez zedin, nahiz eta ez nekien oso ondo zergatik. Asteburuetan, jada ez nuen galdetzen zein zen gure plana, azken momentuan etorriko zela esaten bazidan ondo, bestela, esperoan geratzen nintzen, etxean, beste planik egin gabe, bere erabakiaren zain, ez niolako presionatu nahi. Eta gero eta hizketaldi gogorragoak genituen, gero eta hutsagoa sentitzen nintzen. Ez nintzen ni. Eta kontatu egin nion behin.
Zeharo erotuta nengoela esan zenidan. Guztiz oker. Paranoika. Agian lan fase berri honen eragina izan zitekeela komentatu zenidan, edo behar bada, gaztetxoegia nintzelako eta heldutasun faltagatik. Akaso hori izango zen, ez nintzela ondo ohitu lan-egoera berrira, eta oraindik ume nintzela, zuk munduan urte dezente gehiago baitzeneramazkien.
Baina egoera gero eta gogorragoa egin zitzaidan, egunero genuen liskarra, egunero hanka sartzen nuen. Jada ez zenituen nire deiak erantzuten, soilik zuk deitzen bazenidan hitz egiten genuen eta ni beti zain. Lagunekin ez nintzen geratzen, ez nekielako agian zu azalduko ote zinen ala ez, eta gainera, koadrilan neska eta mutilak elkarrekin ibilitzen hasi ginen eta ez nuen nahasmenik sortu nahi. Alderrai dabilen gorpu nintzela jabetu nintzen arte eta orduan geratzen zitzaidan ausardia bildu eta zera esan nizun: Ez nago gustura. Erlazioa utzi nahi dut.
Guztiz jota, ez zenuela espero xuxurlatu zenidan malko artean, gure onenean ginela, erlazio sakona genuela eta justu zure izeba hain pattal zegoen momentu hartan. Harri eta zur gelditu nintzen. Benetan gaizto eta bihotz gabe sentitu nintzen. Nire harrokeriarekin guztiz ahalke, barkamena eskatu nizun eta zurekin izango nintzela ziurtatu nizun. Hurrengo egunak antzekoak izan ziren, hitz mingarriak jasotzen, ezin atsegina eman. Eta honela, arima gabeko gorputz bihurtu nintzen. Ni ere zure pinpilinpauxa bihurtu nintzen, baina nire kasuan, irri eta hego gabeko pinpilinpauxa kolore gabea. Beti zurekin eta beti bakarrik, ahul eta beldurti, pausu bakoitzaren segurtasun-gabezia eutsiz… Eta ez dadila sekula nire historia errepikatu.
_
Texto de Ane Minguez, segundo premio del XXVI certamen de relato corto en modalidad euskera.
Ane Minguez Olaondo
Latest posts by Ane Minguez Olaondo (see all)
- Epaitegian - 5 May, 2023
Leave a Reply