José Domingo “Txomin“ Zabaleta gure aitak Eibarren kokatutako Beistegui Hermanos-eko tailerretik itzultzerakoan zekarren usaina ahaztezina dut. Olioa, izerdia eta metalarena itsatsita zituen azalean, denak nahasturik. Lan ondradu
eta finaren usaina, halaxe uste nuen lehen eta halaxe ziurtatzen dut gaurkoan.
–Laster motorrak egiteko asmoa ei dute Eibarreko gure fabrikan.
–Eta motorra emango al dizute, aita? –etxeko umea nintzenaren galdera inozo eta maliziarik gabekoa, jakina, ume koskor lañoa baino ez nintzelako.
–Ez Joxeantton, halakorik ez, motorrak muntatu baino ez –begirada mahai inguruan geunden seme-alabon aurpegietatik pasatuz erantzun zidan aitak.
Motorrean ibiltzeko ametsa bat-batean desegin zitzaidan, baina gure aita motor egilea izango zen, ño, gauza galanta gero! Pernandori kontatu beharko nion, ziur Pernando ez zela inoiz motor baten gainean jarri. Egia esanez neu ere egoera berean nengoen, baina aitaren lan berriarekin agian izango nuen halako gailu moderno batean esertzeko aukera-edo. Bruumm-bruumm!
Ermuko General Mola kalearen hasieran bizi ginen hiru solairuko eraikin apalean, 1955eko garai haietan herriko garaienetakoa, guk bigarrena betetzen genuela. Sasoi hartan bazen hainbat gauza ulertzen ez nuena, baina honen ordez-edo, Pernadorekin betirako adiskidetasuna sinatu nuen (odolez sinatua, hori bai). Adibidez, etxean isilka eta begirada mesfidatiekin aipatzen zen gerrari buruz ez nuen ulertzen ezer eta Mariluisa gure amari galdetu nion behin.
–Entzun Joxeantton, gauza hauetaz ez duzu inoiz etxetik kanpo hitz egin behar. Gauza larriak ziren eta oraindik animoak guztiz baretu gabe daude.
–Baina nortzuk dira osaba Pedro eta osaba Serapio, ama? Ez ditut inoiz ikusi eta batzuetan hauen izenak entzunak ditut eta…
–Ez Joxeantton, ez dituzu inoiz ikusi. Pedro gerran hil zuten eta osaba Serapiok, zera, ihes egin behar zuen eta orain urrutian dago itzuli ezinik.
Aitaren lankidea eta lagun minena Isidro Maguna zen. Gure etxetik oso gertu bizi zen emazte eta bost alabekin. Txantxazalea zen Isidro eta umoretsua, baikorra une latzenetan ere. Gizon handia, buru handi batez amaitua edo hasia, masaila gorrituak eta ahots ozena. Erraldoi hura gure etxean ia egunero izaten zen lanetik itzultzean eta gure aitak iluntzero esaten zion barrezka:
–Hoa etxera, halako kankailua! Ez al diak familiarik ala?
Isidrok, erabat lotsaturik zenaren koplak eginez, gure amaren masailan musu arina jarri eta “bai, bai, berandu egunero legez, Julianak esango dizkit
esatekoak, banoa, banoa…“ presazko agur bezalako hitzak uzten zituen ezkaratzean eskaileretatik behera zapata hotsean abiatu baino lehen.
Banekien gerra garaian gure aita soldadua izan zela, behin erakutsi zidan argazki batean aita beste soldaduekin batera irribartsu ageri zelako. Altzairuzko kaskoa buruan eta fusila eskuetan, halaxe ikusi nuen batailoi kideekin. Ez dakit, baina lar gazteak zirela pentsatu nuen, ume aurpegiak benetako soldaduak izateko-edo. Beharbada Tomás anaia nagusiaren adinekoak baino ez. Dena den aitak zera esan zidan, gerra denboran gazteenak ei direla beti borroketan hiltzen direnak eta halako tristeziez asetzen direla familia guztietako istorioak.
Neu ere umeegia nintzen aitarekin izandako hitzak ongi ulertzeko eta baiezkoa egin nion aitak erakutsi zidan zeinu serios hurari zuri-beltzeko argazki txiki hura berriz gorde zuenean. Aita mututu egin zela gogoratzen dut eta hain gizon handia zen gure aita instant batez kuzkurtuta ikusi nuen.
Baina nik zergatia jakin gabe, gerra amaitutakoan preso eraman zuten eta lau urtetan gartzelan izan zela jakin banekin. Amak istorioaren azken aktoa behin azaldu zidan malko artean eta aitari ezer ez aipatzeko arrenkuratu zidan.
Argazkia kaxoian ezkutatu ondoren gure aita mututasun hartatik atera zen. Egun batean, bizkarrean zeuzkan zaurien orbainak erakutsiko zizkidala eta nahikoa zela amaitu zuen, ez zidala berriz halakorik erakutsiko eta ezin izango zituela ikusitakoak inoiz ahaztu eta joan nendila jolastera eta ez nezala ezer aipatu. Antza denez, ezer ez aipatzea etxeko arau nagusienetarikoa nuen.
Eskolan ere bazen ulertzen ez nuen hainbat gauza, ez nik ezta inortxok. Sartu aurretik, egunero, bandera gorri-hori arrano belzduna jaso behar genuen eskolako atean zen egurrezko mastan, ume guztiok ilara zuzenetan jarrita eta eguzkiari buruzko abesti ulergaitza abestu ondoren: “Cara al sol con la camisa nueva / que tu bordaste en rojo ayer…“
Pernandorekin, nahiz eta nire etsaia izan, hitz egiten nuen abesti hurari buruz eta ez batak ez besteak ez genion ez bururik ez inolako zentzunik aurkitzen. Abestu beharra genuen beste umeekin batera eta eskumako besoa jasota eguzkitik babesa bilatu nahian-edo. Eskola egunetan –berdin eguzkia zein euria, zeru argitsu edo hodeitsua– eguzkiaren abesti bitxiaren ostean, bibak eta arribak botatzeko unea zetorren gela barrura pasatu aurretik.
Eskolan bi geletan banandurik geunden: batean neskak eta bestean muti- lak, sei eta hamahiru urte tartekoak. Idazten, lehen zenbakiak, Espainiako Errege Katolikoen garaipenak birpasatu, anarkista eta masoien arteko –nortzuk
izango ote ziren hauek?– maltzurkeriak salatu eta Aberriagatik eroritakoak gogoratu Presente! esanez –nortzuk izango ote hauek ere?–.
Kopiatu beharreko letrak arbelean idazten zituen maisuak eta umeok, burumakur koaderno gainean, ahalik eta hobekien idazten saiatzen ginen goiz guztian. Gelatik atera baino lehen, berriz bibak: Biba Espainia, Arriba Franco eta Arriba José Antonio. Nire izena aipatzerakoan –ez nekien honen zergatia–, ozenki eta burua jasota botatzen nuen Biba! eta Arriba! Eta nola ez, gelakideek luzatutako Bibak zirela-eta, oso harro nintzen, jakina.
Sosak izan arren –beti eskasak, gure amaren esanetan– ez zegoen lar jatekorik, oraindik “errazionamendua“ zelako nagusi herri guztietan, gurean ere. Ez nuen hitz hura ulertzen, baina ez zela platerkada ugaririk gure etxean eta afariko zopak haragia baino ur gehiago zeukala aski ondo ikusten nuen.
Txikerrena nintzelako beti suertatzen zitzaidan herriko dendara joan beharra mandatuak egitera. Gero, sari moduan, igandero zerbait etortzen zen nire faltrikerara, txakur handiren bat edo pezeta erdia edo osoa (arraroa). Diru zentimoak aurrezten nituen eta nahikoa izanik, aitari Eibarretik tebeoren bat ekar ziezadala eskatzen nion. Gogokoenak “El cosaco verde“ eta “El Capitán Trueno“ nituen, pezeta eta hogeita bost zentimotan, dirutza itzela niretzat.
Gure aita bizikleta lasterketa zale amorratua zen eta irratigailu zaharrean entzuten zituen lasterketen notiziak. Isidrorekin izaten zituen eztabaidarik sutsuenak. Ordiziako Proba, Arratera Igoera, Frantziako Tourra, Italiako Giroa, Espainiako Itzulia edo azken urteotako Eibarko Bizikletak zaletasun handia sortzen zuten herriko nagusi eta gazteon artean. Zalantzarik gabe, aitarentzak garaiko karreristarik –halaxe esaten genien, “karreristak“– hoberena Fausto Coppi italiarra zen eta etxekoen artean Dalmazio Langarika zuen maisutzat.
–Egia da Txomin, baina Langarika aurton erretiratuko da. Hor dugu Jesús Loroño eta sasoian dago, iaz Espainiako Mendiko saria irabazitakoa.
–Bahamontes ere ez da batere makala pendiz handiko mendietan, aldapa gogorrenetara primeran moldatzen da eta indartsu dator, Isidro, izter galantak ditu. Haragi sikuak eta biriketan labe garaietako hauspoak!
Eta karrerista bakoitzaren merituak, abileziak, indarrak edo sufritzeko zituen gaitasunekin (edo ezgaitasunekin) endredatzen ziren iluntze osoan:
–Talde italiarrak dira gaur egun onenak, ez esan ezetzik, Bianchi-Pirelli eta Atala, baina ez ahaztu Frantziako Follis eta Dunlop, Isidro.
–Bizikletarik hoberenak René Herse, Legnano edo bertoko BH-ak, Txomin.
–Ongi, baina gero izterrak behar dira bizikleta mugiarazteko.
Nire ametsa aitak egiten zuen lan berbera egitea zen. Mekanikari trebea izango nintzen nagusitan: lehenik bizikletak, gero motorrak eta batek jakin, kamioiak edo hegazkinak egiteko gai izan nintekeen. Ez nuen ikusi inoiz hegazkinik, kamioiak bai, herrian zen Eusebiorena berbaro.
–Nola ez duzula hegazkinik ikusi, Joxeantton? Eta zinemakoak zer, horiek ez dute balio ala ze demontre? –izan nuen beti zirikatzaile eta lehiakide tematia zen Pernandoren erantzun burlatia. Pernandok tren gidaria izan nahi zuen.
Egia. Zinemakoak. Nola ez gogoratu zineman ikusitakoak? Larunbat batzuetan Ermu herriko parrokoa genuen On Teodorok –apaizetxeko saloian dotrineko ikasgaiak eman ondoren– umeentzako filmak jartzen zizkigun. Filma moztu egiten zen sarritan eta irrikitan zain geunden pelikula proiektorea berriz martxan jarri arte. Txaloz eta bibaz onartzen genuen konponketa, nola ez.
Tarzánenak nituen gogokoenak: “Tarzán y su hijo“ eta “Las nuevas aven- turas de Tarzán“. Ikaragarriak, kilimak sortzen zizkidaten bizkarrezurrean. Pernandok nahiago zituen barrezkoak, Txarlot edo “Gizena eta Mehea“-k osotzen zuten bikotearenak eta malkoak izan arte barrez lehertzen zen.
Ez nekien zergatia, baina filmak hasi aurretik –“La torre de los siete jorobados“, adibidez– tronpeta hots eta oilo beltza zuen banderarekin batera ahots hantuste berezi batek Espainian gertatutako notiziak azaltzen zizkigun. Han ikusi nuen lehenengoz hain aipatua eta goraipatua zen Generalísimoa eta geroztik pelikula guztietan beti ageri zela baieztatu nuen.
Behin, Pernando eta biok zinematik atera ginenean gizon baxutxu eta bibotedun hurari buruz eztabaidatzen hasi ginen: Pernandok Espainiako erregea zela zioen eta nik ezetz, Zibilizazioaren Zaintzailea zela (jakin ez arren hori zer zen), ez zuela erregeek izaten ohi zituzten itxurak eta hori zela nire argudiorik printzipalena (Gabonetako Errege Magoak gogoratzen nituen eta zinemako gizon potolotxoak ez zuen ez bizar zuririk ezta kapa luzerik).
–Non ikusi al da koroa gabeko erregea, e? Zer duk horri esateko? (nik)
–Jauregian utziko zuen, ez al duk entzun Orienteko Palazioan bizi ei dela?
–Generalísimoa jendaila gorritik babesten gaituen Zaintzailea da! (nik)
–Eta inguruan dituen zaldizko goardia moroak ez al dira errege batek dituen zerbitzariak? (Pernando ekinean jo eta ke ari zen)
–Eta non ikusi da errege batek lan egiten duenik? Generalísimoa beti ari da lanean, urtegiak eta errepideak egiten. Beraz, ez da erregea! (nik)
–Bai zera zereko zera! Nola uste duzu egiten direla lan horiek guztiak, e? Ematen dituen agindu eta mandatuak berehala kunplitzen dira, erregeek egiten ohi duten bezala! (Pernandoren ahotsak trufaketa kiratsa zuen)
–Esaidazu nola izango ote den hori, hain jakintsua zarenez, artaburu hori!
–Hi bai babalore galanta! Gartzelaturik daudenek egiten dituztelako lanak, halako tontalapikoa, gudari eta masoiek, etxean esan didate-eta! (Pernando)
–Hago ixilik eta ez esan lelokeriarik, halako kaiku ustela!
Baina nire azken erantzunarekin zalantzak piztu zitzaizkidan buruan: gure aita masoia zelako omen zen gartzelatua? Eskolan masoiak Espainiaren etsai amorratuak eta gaizkileen arteko gaiztoenak zirela errepikatzen ziguten. Beraz, gure aita gaizkilea ote zen? Ezin nuen onartu eta Pernandorekin haserre nintzen, inoiz izan nuen haserrerik nabarmen eta sakonena. Aurrez aurre hartu eta borrokatzen hasi ginen, muturka, kolpeka, zipli-zapla!
Filmetan ikusita nituen zangotrabak, amarru eta borrokarako trikimailu guztiak erabili nahi nituen –Tarzánek erabiliak, jakina–, baina Pernandok nirekin batera ikusita –eta ondo ikasita– zituen eta beraz, parekaturik geunden lehian.
Isidro aitaren lagunak ikusi gintuen eta korrika hurbildu zitzaigun.
–Ia, ia, zertan ari zarete gazteok? Altxa Joxeantton, zutik Pernando!
Isidroren beso sendo bakoitzaren muturrean Pernando eta biok oraindik arnasestuka izan ginen. Zergatia galdetu zigun eta sudurzuloetako odol jarioaka ziren tantak lehortuz, dena azaldu genion gizon erraldoiari. Ausardia nondik atera nuen jakin gabe, ea benetan nor zen Generalísimoa, Espainiako erregea ala Mendebaldeko Begiralea galdetu nion.
Isidrok, unetxo batez isilik begiratu ninduen eta gero barreari eutsi ezinik, gorputz osoa dardarka zuen eta gizonaren besoen mugimendu kontrolezina gure haragietara igaro zen elektrizitatea balitz bezala.
–Ai, gazteok, gazteok, zuek bai komerianteak! Hara, har itzazue gozoki hauek eta egin itzazue bakeak zuon artean. Eta Patxiko “Prakas“ nor den galdetzen duzuela jakin badakite zuon amek, sekula santan dastatu ez dituzuen zaplasteko ederrak baino ederragoak gaur irabaziko dituzuela ziurtatzen dizuet! Eta oraindik barrezka, atzean utzi gintuen –halakorik gero!– gure mozolo aurpegi kolpekatuetan zer esanik jakin gabe. Zalantzaz beterik ginen, aho bete hortz, eta etxean ezer ez esateko elkarri promesa eginez, ezer ulertu gabe,
Pernando eta biok adiskidetu ginen betirako. Gaur arte.
Gotzon Plaza Jaio
Latest posts by Gotzon Plaza Jaio (see all)
- Ezer ulertu gabe - 25 April, 2024
Leave a Reply