Ene musa:
Badaude ondo daudenak gaizki ez dauden bitartean. Beti entzun izan dudan zerbait da hori, baina ez dut horratio ulertzen. Gaizki edo ondo egoteak neretzat hartzen duen esanahia oso bestelakoa da: ez dago munduan hobeto egon daitekeela jakinda bakarrik “ondo” egotearekin konformatzen den gizasemerik. Neuk egun beltz asko bizi izan ditut eta, zinez eta minez, ez da erraza bideari berriz ekitea. Egun beltzenetan ere berori izan da babes-etxe guztietan dagoen leihoa, kanpoko mundu zabal horretara ematen duena. Horregatik deitzen diot berorri Musa.
Musa, galdu direnen salbatzailea, izaki akasgabea, zitalenik zitalenari atsegin eman diezaiokeen bakarra. Belatzaren nahiz xinaurriaren ikusmena dutenentzako oparia. Musa, saltzaile ibildaunek oroimina sekula ez ezagutzeko zioa. Ez dago ihesbiderik berori ez miresteko. Eta aldi berean ez du izango berorrek nitaz alde egiterik. Berorrek hartzen duen forma, aurpegi, ertz, sentsazio, erpin, aurkintza menditsu zein elurtsu… Nolanahi ere ezaguterraza. Musa aldabera, kamaleoia, hamaika alkondara jantzi eta erantzi dituena, gauza soilean ezjakina: ez daki munduko edozein zokotan ezkutaturik ere, nere belarriak beti dabiltzala berorren lorratz atzetik.
Gizaseme gutxi, gizagaixoenak, jaio dira berori aditzeko gaitasunik gabe. Baina gehienok pribilegiatuen multzoan sartzen gara: ausartuko nintzateke esatera ez dagoela inor munduan bere oldez uko egin dionik berorrekin egoteari. Baina ez uste fanatiko guztiak ni bezain zintzoak direnik. Hurrengo lerroetan nahiko nuke azaldu zerk egiten nauen berorren miresle leialena.
Ukitu eta hunkitu egiten nau berorren inguruan egotea besteekin nagoenean, baina bakarrik nagoenean sentsazioa are ikaragarriagoa da. Neure buruan festa bat antolatu eta hamaika lagunekin banengo bezala sentitzen naiz. Zirrara gaindiezina. Beldur naiz batzuetan ez ote naizen lagunentzat astunegia izango eta bakartzea onena izango den. Berori izanda ordea lasai bizi naiz: ez da sortu oraindik kezkatuko nauen damurik. Eta egotekotan Danteren infernukoak
bezalako errepresaliak, atzera bueltarik uzten ez dutenak, nire arima bekatariak izango duen leku txikiak berorrengan bilatuko du babesa.
Jainkoa bera baino izaki gorenik baldin balego, berori da, Musa Musika. Aspaldi irakurritako testu bat gogora ekarriko dut berori agurtzeko: Musika. Mu-si-ka. Mu.Si.Ka.
Sinatuta: Entzule fidel eta zentzubako bat, besterik ez.
Rebeca Fernandez Rueda
Latest posts by Rebeca Fernandez Rueda (see all)
- Ezjakintasunaz (Amodiozko lehen oihua) - 25 April, 2024
- Musa batez ari naiz - 25 April, 2024
- Corazones erosionados - 23 May, 2023
Leave a Reply