HUTSUNEAK
Sabela zulatzen duten
bala
borobil eta sakonak.
Eztarria urratzen duten
lur azpiko tunel
bertikalak.
Gauaren
Ilunak eta bakartiak,
neguaren
gorriak eta beltzak,
bakardadearen
hotzak eta isilak.
Oihartzunik gabeko
malkoz beteriko putzuak.
Arnasa itotzeko lakuak.
Korapiloz betetako lerro infinitoak,
helmugarik gabe hondo-hondoraino doazen bideak;
norabide bakarreko bidaia tragikoak.
Itzulerarik gabeko erorketak.
Amildegiak.
Bukaerak.
ZAURIA
Erori egin nintzen.
Ezaguna nuen zaurian erori nintzen.
Ez zen ebakidura hura zabaltzen zen lehenengo aldia.
Paseatzen nenbilen, lasai asko,
nire beldurren aurretik.
Oinez astiro-astiro,
nire pentsamenduen atzetik.
Tipi-tapa, mantso,
nire minen ertzetik.
Korrika abiatu nintzen,
nire mamuen eskutik.
Saltoka hasi nintzen,
umeen barre algaren ondotik.
Paseatzen nenbilen, lasai asko,
zurekin estropezu egin nuen arte.
Eta erori egin nintzen.
Ezaguna nuen itsaso gorrian erori nintzen.
Ez zen itsaso hark blaitzen ninduen lehenengo aldia.
Estropezuak eragindako
beldurren,
pentsamenduen,
minen,
mamuen,
eta algaren artean igerian nenbilen, lasai asko; lasaiegi.
Masailean behera zetorkidan malkoa lehortu nuen,
zauria lehor zegoela ohartu nintzenean.
AZKEN BEGI-KLISKA
Bere begien azken kliskak ilundu du gela.
Jantzi da armairua beltzez.
Itxi dira leihoak kolpez.
Etali da lurra desertuko harez.
Tapatu da ispilua oheko izara ilunez.
Josi da etxea itzalez.
Bete da espazioa milaka oroimenez.
Dardarka hasi dira paretak hotzez,
etxeko jabearen gogoetak
ahaztu ezingo beldurrez.
Begiak kliskatu eta ilundu zait sabela
beldurrez,
hotzez,
oroimenez,
itzalez,
harez,
kolpez,
beltzez.
Ito naiz zure itsaso zabalean, negarrez.
_
Texto de Amaia Trejo, primer premio del XII certamen de poesÃa en modalidad euskera.
Leave a Reply