Asteartea, gaueko 23:21, Bilboko Alde Zaharreko Santiago Kaleko 20 zenbakia, 4. ezkerra. Sukaldean Janis Joplinen Me and Bobby McGee entzuten da. Maren hozkailuaren parean dago, zer afalduko pentsatzen. Gaur ere berandu, lan madarikatua. Nazkatuta dago, zer edo zer azkar afaldu eta ohera joateko irrikitan dago. Atzo kalabazin tortila, herenegun ilarrak urdaiazpiko zatitxoekin. Otordu elaboratuak egiteko originaltasuna galdu du. Pi, pi, pi! Hozkailuko atea ere ohartu da bere imaginazio faltaz. Silvio Rodriguezen Óleo de Mujer con Sombrero hasi da. Entsalada azkar bat egiteko erabakia hartu du. Parean dituen barazki guztiak hartu ditu. Pepinoa, azenarioa, berakatza, piper berdea, tipula…Abestiaren bolumena jaitsi da, Whats App bat iritsi izanaren seinale. Tomatearen eta aguakate erdiaren alboan dagoen mugikorraren pantaila piztu da. Amaren mezua. «Gabon, Maren. Esna zaude? Hitz egin dezakezu?». Momentuan bertan mezua erantzun du «Ama, bai. Zer nahi duzu?»
Zer nahiko du amak orain? sukaldeko Laboral Kutxako erlojuak 23:38 ordua markatzen du. Oso berandu da. Ze arraroa. Zerbait gertatu ote da? Bestela, galdera edo komentario sinple bat balitz, bihar goizean dei egingo luke, ezta? Urduritzen hasi da Maren. Chavela Vargasen Toda una Vida entzuten da, azenarioa eskuan du, eta mugikorraren aurrean dago, amaren Whats app mezua parez pare. Ama on line dago. Zergatik ez du ba momentuan erantzuten? Zeri buruz hitz egin nahi du ordu horretan?
Ama idazten hasi da. Malenek espero du bere buruan darabilen hori ez izatea amak esango diona. Eta hori bada? Ai ama… eta hori gertatu bada? Zentzua dauka hain berandu izan arren hori esateko mezu bat idatzi edo deitzea. Bai, ziur dago, hori izan behar da. On line berriro ere. Madarikatua, baina, zertan dabil?
«Ai, joder, kaka zaharra!» hatz lodi punta moztu du labanarekin, eta, odola dario. Ur hotzetan sartu du eskua. Eskuak dardarka ditu. Hatz lodia zurrupatu eta beste eskuarekin mugikorrari heldu dio. Berriro ere idazten…on line…idazten…on line.
Zer arraio ari da ama, oraindik erantzun gabe? Ezin du gehiago itxaron, segunduak oso luzeak egiten ari zaizkio.
– «Ama, zer gertatu da?»
– «Gabon, Maren, zer moduz zaude?»
– «Esaidazu, behingoz, zer gertatu da?»
– «Gertatu? zer gertatuko da ba? Ea igande honetan etxean bazkalduko duzun jakin nahi dut, paella bat egiteko ideia daukat eta»
– «…»
Asperen egin du Marenek.
Euskaltzaindiaren arabera, beldurra egiazko nahiz irudipenezko arriskuaren aurrean sortzen den urduritasunezko egoera da, emozio bizia, arriskutsutzat jotzen den berehalako estimulu edo egoera batean sentitzen dena. Brigade loco, Lain nahiz M-Clan taldeen abestia ere bada. Guztiok noiz edo noiz sentitu duguna, ezta? Leirek txakurrei die beldurra; Marik iluntasunari; Xabik petardoei; Nereak usoei; Unaik itsasoari; Mikelek hegazkin bidaiei; Inmak armiarmei. Ni amatxi galtzeko beldur naiz. Eta, zu, zeren beldur zara?
_
Texto de Leire Gorostiza, primer premio del XXVI certamen de relato corto en modalidad euskera.
Leave a Reply