• Azala
  • Sormen gunea
    • Kontakizun laburra
    • Poesia
    • Literatura berriak
    • Argazkilaritza eta ilustrazioa
    • Elkarrizketak
  • Kritika gunea
    • Artikulua
    • Saiakera
    • Zutabea
    • Kronikak
    • Editoriala
  • Lantaldea
    • Kolaboratzaileak
  • es
  • eu

La Espiral

No es solo una revista

Karmele Jaio: “Ni beti sentitu naiz ipuingile nobelagile baino gehiago”

21 April, 2021 by Josu Belar Leave a Comment

Foto de la web de la autora

Poesiaren gaitasun lirikoak harrapa zaitzala gustuko baduzu, nobelaren botere narratiboan sinisten baduzu oraindik, zein iruzkin zorrotzen bitartez munduari aurre egiten, baduzu zerikusirik Karmele Jaiorekin. Gasteiztar idazle eta komunikatzaile honek diziplina guzti hauek landu ditu arrakasta nabarmenez, eta ez da kasualitatea: kazetari eskarmentuduna izanik, Jaiok argi dauka konstantzia dela idaztearen gakorik garrantzitsuena. Josu Belarren eskutik, elkarrizketa honetan 2020. urteko Euskadi Sariaren irabazleak begirada nasaiaz errepasatzen ditu idaztearen gorabeherak, eta lezio bat edo bi uzten ere gure irakurleentzako.

Niretzat sortze lana behar bat da. Badaude zenbait gauza sorkuntza horren bitartez bakarrik azaleratu daitezkeenak. Beraz, niretzat gauzak deskubritzen joateko modu bat da idaztea.

Galdera: Idazleek esparru asko landu behar izaten dituzue proiektu bat aurrera eraman ahal izateko. Zein da zuk gustukoen lantzen duzun esparru hori? Pertsonaiak asmatu, ingurugiroak sortu, erlazioak pertsonalak landu…

Erantzuna: Idazketa prozesuak fase ezberdin asko ditu, eta bakoitzak baditu alde ezberdinak, batzuk gustukoagoak eta beste batzuk gutxiago. Niri gehien asetzen nauen fasea agian izan daiteke proiektu bat forma hartzen hasten den momentu hori. Idazten ari zaren hori zentzua hartzen hasten den momentu hori eta pertsonaiak sinisten hasten zaren une hori.

G.: Ipuinen bitartez sartu zinen literaturaren mundura, eta orain nobelen munduan zara ezaguna. Zein duzu gustukoen? Zure nobelak sortzean ipuinen efekturik sumatzen al duzu?

E.: Ni beti sentitu naiz ipuingile nobelagile baino gehiago, orain hirugarren nobelarekin, genero honetan ere gero eta erosoago banago ere. Eta nik uste dut ipuinek duten hitzen ekonomiarako joera eta gauza batzuk kontatu beharrean iradokitzeko joera horrek presentzia duela baita ere nire nobeletan.

G.: Zure azken lanean, ‘Aitaren etxea’-n, sormenaz hitz egiten duzu lehenengo pertsonan. Zeure esperientzian oinarrituta daude pasarte hauek? Nola egiten diozu aurre sortzearen lanari?

E.: Ez dut bertan nire sortze prozesua kontatzen baina badaude edozein sortze prozesuan ematen diren egoera batzuk. Niretzat sortze lana behar bat da. Badaude zenbait gauza sorkuntza horren bitartez bakarrik azaleratu daitezkeenak. Beraz, niretzat gauzak deskubritzen joateko modu bat da idaztea.

Idaztea oso lan bakartia eta une oro zaude erabakiak hartzen. Nekagarria da zentzu horretan eta askotan izaten dituzu zalantzak. […] Gorabehera handiko lana da eta konstantzia da lana ateratzeko tresnarik inportanteena.

G.: Edozein sormen diziplinatan, ibilbide luze bat beharrezkoa da zuk bezala Euskadi Saria irabazi arte. Nolakoa izan da ibilbide hau? Beti izan duzu argi idazten jarraituko zenuela, ala zalantzazko aldiak ere sortu dira bidetik?

E.: Idazten duzunean zalantza beti dago hor. Idaztea oso lan bakartia eta une oro zaude erabakiak hartzen. Nekagarria da zentzu horretan eta askotan izaten dituzu zalantzak. Egun batean iruditzen zaizu idazten ari zarena oso ondo dagoela eta hurrengo egunean pentsa dezakezu ez duela ezertarako balio. Gorabehera handiko lana da eta konstantzia da lana ateratzeko tresnarik inportanteena.

G.: Irakurle eta instituzioengandik esker on handia jasotzeak zure lanean ondoriorik izan dezakeela uste duzu? Presiorik sortarazten al dizu egoera onek? Edo lasaitasuna eman dizu?

E.: Presioa beti dago hor. Zure lanari buruzko hitz ederrak entzuteak poza ematen du, baina egia da hurrengo lana idaztean horrek presio bat eragin dezakela. Idazten ari naizen bitartean ez naiz presio horren konsziente, baina ziur naiz inkonszientean egon daitekeela. Baina, dena den, norberak bere buruarekin duen exijentzia maila da indartsuena, besteena baino gehiago.

Nire gomendioak: irakurri eta idatzi. Lan egin. Eta zintzotasunez idatzi.

G.: Ahotsak proiekturako elkarrizketa baten, zenion berandu hasi zinela idazten. Idazten hasteko adin aproposik dagoela esango zenuke?

E.: Ez. Ez dakit, pertsona bakoitza ezberdina da eta nire 18 urteak ez dira zertan izan behar beste baten 18 urteak bezalakoak. Egia da, urteekin gero eta gauza gehiago pilatzen zaizkigula barruan, eta hori sekulako ongarria da literatura idazteko. Baina horra heltzeko ere entrenamendua behar da.

G.: Zure lanak hainbat hizkuntzara itzuliak izan dira. Azalduko zeniguke nolakoa den itzulpen prozesu bat? Zein besteko parte hartzea du jatorrizko idazleak? Zeuk egin al duzu itzulpenetako baten bat?

E.: Itzulpen prozesu bakoitza da ezberdina. Batzuetan modu oso autonomoan egin dituzte itzultzaileek euren lanak eta beste kasu batzuetan nire parte hartze handiagorekin. Eta gero, gaztelaniazko itzulpenak denak egin ditut nik neuk, eta prozesua neketsua da, zaila, baina oso aberasgarria, nola idazten duzun hobeto ezagutzeko modu bat.

G.: Orain zure tokia egin duzu argitaletxeen munduan, baina ez da erraza holako lorpena izatea. Zure ustez, zer nolako egoera dago argitaletxeen inguruan idazle izan nahi duten horientzat? Ze gomendio emango zenioke profesionalki idazteari ekin nahi dion pertsona bati?

E.: Nire gomendioak: irakurri eta idatzi. Lan egin. Eta zintzotasunez idatzi. Beste guztia etorriko da etorri behar bada.

The following two tabs change content below.
  • Bio
  • Latest Posts
Josu Belar
My Twitter profileMy Instagram profile

Josu Belar

Deustuko Unibertsitateko Filosofia, Politika eta Ekonomiako hirugarren mailako ikaslea. 21 urteko durangar hau dantzan eta yogan afizionatua izateaz gain, irakurle zaletua da, hizkuntzaren erabilera baitu gogoko.
Josu Belar
My Twitter profileMy Instagram profile

Latest posts by Josu Belar (see all)

  • Karmele Jaio: “Ni beti sentitu naiz ipuingile nobelagile baino gehiago” - 21 apirila, 2021

Filed Under: Elkarrizketa

Utzi erantzuna Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Universidad de Deusto

La Espiral y la Universidad de Deusto no se hacen responsables de las opiniones vertidas por las personas colaboradoras | © 2022 | Aviso legal | Log in