Gizakiak hezteari utzi eta piztia eta jainkoak baino ez ditugu hezten; hiriarekiko eta besteekiko inolako ardurarik gabeko izaki bihozgabeak.
Aristotelesen arabera gizakia animalia politikoa da (Zoon politikon). Gizakia komunitate batean garatzen den animalia da; legea, bizitokia eta bestelako lokailu sozialak dituen animalia alegia. Komunitate hau aristotelesentzat polis-a zen, hiria. Zentzu honetan, politika ez da hiriaren zaintza baino, polis-ean ekitea eta bertako jardueretaz kezkatzea baino. Gizakietaz gain, ordea, bi izaki bereizi zituen aristotelesek. Batetik, jainkoak; gizakiaren gainetik kokatzen direnak eta, bestetik, piztiak; gizakiaren azpitik bizi direnak. Bi izaki hauen berezitasuna hiritik kanpo bizitzea da, jainkoaren kasuan hiritarren beharrik ez duelako eta piztiaren kasuan ez dakielako gizatasunez jokatzen. Bada Aristotelesek begirada bat botako balu, ez lituzke jainko eta piztiatxoak baino ikusiko gure hiriko zoko guztietan.
Azkeneko urteetan pairatzen dugun krisi politikoa ezaguna bezain nabarmena da. Europar batasunaren datuen arabera politikariekiko mesfidanatzak goratz egin du azkeneko urteetan (Europar Batasunean %53ko biztanleria baino ez dago gustora bere herrialdeko demokraziarekin, Espainiaren kasuan %43a baino ez dago gustora) [1]. XXI. mendea hasterako mundu osoan demokraziak izandako arrakastaz hitz egiten ari ginen arren badirudi arrakasta horrek ez duela uste bezain beste iraun. Ustezko arrakasta hartatik pare bat hamarkada igaro ondoren Ziblatt eta Levitsky irakasleek demokrazien heriotzaz ohartarazten digute “Nola hiltzen dira demokraziak” liburuan [2]. Demokrazien herdoiltze honetan ustelkeria kasuek eta krisi ekonomikoek besteak beste zerikusi handia izan duten arren, hiritarrok, gutariko bakoitzak, badugu zeresanik egungo krisi politikoaren inguruan. Zeintzuk dira, ordea, demokraziaren usteltze honetan Aristotelesek gugan ikusiko lituzkeen izakiak?
Batetik, badira gure inguruan jainkoen papera jokatzen dutenak. Jainkoak hiriari goi-goitik so eginez bizi dira, goitik beherako begiradaz ikuskatzen dituzte hiritarrak harrokeriaz. Paper honetan kokatu genitzazke botere ekonomiko edota eragin handiko pertsonak, finean hiriko auzietaz kezkatu behar ez dutenak. Kontraesankorra dirudien arren, hiriaren eta hiritarren patua dute beraien eskuetan. Hiritarren mesedetan ari direla iruditu dezake baina, jainko izanagatik, politika ere menderatzen dute. Izaki asaldaezinak dira; politikaz harago dauden heinean legeak ezin baititu epaitu. Hiriaren legearen gainetik bizi dira eta ez dute inolako oztoporik legeak autsi, sahiestu eta beraien mesedetan erabiltzeko. Hiriazgaindiko botere hauek pertsona askoren eredu dira, askoren desira baita haien hiritartasuna baztertu eta hiritarra izateak eskatzen dituen betebeharrak ekiditea jainko bilakatzeko.
Bestetik, piztia gisa jokatzen dutenak ere badira. Goseak eta irrikak mugiturik ekiten duen izaki arrazoigabea den heinean, bere hiriarekiko axolagabekeria oso bestelakoa da. Piztia hiriari bizkarrez bizi da, hiriaren zaintzarekiko inolako kezkarik gabe. Bere bulkadak asetu nahian baino ez da bizi, bere desira guztiak unez une bete nahian. Beste gizakiekiko inolako kezkarik gabe, bere nahi berekoiak nola asetu baino ez du pentsatzen; ez baitu egiten duena birpentsatzeko gaitasunik ere. Arduragabekerian murgilduriko izakia da, ez baita gai konturatzeko bere ekintzek hiria eta hiritarrengan duten eraginaz. Piztia izateko, beraz, ez da gauza askorik egin behar, aitzitik, axolagabekeriak gidaturiko bizitza bat izatearekin nahikoa da, izan ere; parranda, jokoa, sexua, droga, dirua, ospea edo boterea bizitzaren gidari jartzeak sortzen ditu piztiak.
Bozkatzeaz haratago, diskurtso bat edo beste onestea baino politika hiritarren zaintza da, gizakiok osatzen ditugun komunitateekiko zaintzan oinarritzen da politika. Bi izaki hauen, jainkoen zein piztien, antzera jokatzen duten pertsona asko ikusi ditzazkegu gure egunerotasunean eta litekeena da guk geuk ere jainkoaren edo piztiaren papera hartu izana dagoeneko. Gure inguruak hortarako hezten gaitu hain zuzen ere; gizarte geroz eta indibidualistago batean geroz eta zailagoa baita Aristotelesek buruan zuen politika hura gauzatzea. Akaso horregatik da gure gizartea geroz eta gizagabeagoa; gizakiak hezteari utzi eta piztia eta jainkoak baino ez ditugulako hezten; hiriarekiko eta besteekiko inolako ardurarik gabeko izaki bihozgabeak.
Aristotelesen garaian, bazen hitz oso interesgarri bat antzikako grezieraz. Idiotes hitza hiriko axolagabeentzat erabiltzen zen. Demokraziaren auziei muzin egin eta beren buruan baino pentsatzen ez zutenei zuzenduriko iseka zen. Idiotes hitz grekotik dator gaur egungo idiota hitza eta nire ustez oso baliotsua izango litzateke bere jatorrizko esanahia berreskuratzea, gure gizartean oso hitz erabilgarria izan liteke, bat baino gehiagori zuzentzeko modukoa.
_
[1] European parliament: Eurobarometer: Socio-Demographic trends | Edition 10 (2007-2023) Spain.
[2] Levitsky, S.& Ziblatt, D. (2018). Como mueren las democracias. Ariel.
Joanes Tovar
Latest posts by Joanes Tovar (see all)
- Piztiak, jainkoak eta idiotak - 18 April, 2024
- Odiseako Aquiles eta Iliadako Ulises - 5 December, 2022
Leave a Reply