Imajinatu lursail amaigabe eta marismatsu bat egun lanbrotsu eta hotz batean. Errepide estu bat, infinitura doan kotxea erdian. Amesgaiztoa ote?
Azken urteotan piztu da halako eztabaida interesgarri bat askorako eman dezakeena. Ikusirik 90.hamarkadatik egun arte sortu diren (eta sortzeko dauden) telesail piloa eta hauetako askoren duda ezineko kalitatea, telebistarako material hobea egiten al da zinemarako baino? Ez gara harribitxi hauek banaka izendatzen hasiko, baina ikusleak badaki zertan den bakoitzaren ontasuna, eta badaki halaber, hauetako askoren kapitulu bat film luze asko baino interesgarri eta ederrago izan daitekeena. Hala ere, ez da erraza halako konparazioak egitea, gauza oso ezberdinak baitira istorio bat hamabi ataletan konta ahal izatea, edota gidoi bat maila normal bateko zineak eskatzen dituen muga eta baldintzetara egokitzea. Baina jarraian aurkeztuko den obrak, ziurrenik, telesailen aldera jarriko luke balantza.
Telebistaren mundu zabal eta ia amaigabean beti dago zer ikusi eta zerekin denbora pasa. Baina badaude lan batzuk besteen oso gainetik geratzen direnak eta munduko punta batetik bestera izugarrizko zirrara sortzen dutenak, kaleratzen diren momentutik, ikus-entzunezko mapa zabalean puntu gorri bilakatzen direnak. Horietako bat izango da, ezbairik gabe, True detective. Ikusi besterik ez dago joan diren bi hilabete eskasetan piztu dituen emoziozko hitz guztiak. Bolo-bolo egon da sare sozial guztietan eta koadrila arteko elkarrizketa askotan ere, seguruenik. Honen guztiaren adierazgarri da, adibidez, HBO kate estatubatuar pribatuak eskaintzen duen streaming bidezko zerbitzuan gertatu zena. Lehen denboraldiko azken atalaren estreinaldian kolapsoa jasan zuen, kontrola ezin gabeko eskariagatik. Erabiltzaile askok arazoak izan zituzten hura ikusteko eta haserre asko sorrarazi ziren, zerbitzu hori ez baita merkea. Beste datu bat: IMDb web-orri ezaguneko bigarren telesail onena izatera pasatu da erabiltzaileen botazioen ondorioz, Breakin Bad-en atzetik, eta The Sopranos edo The Wire bezalako maisulanen aurretik. Guztiz kontuan hartzekoa.
Asko dago honen gainean esatekorik. Nick Pizzolatto dugu True Detective-en sortzailea, eta Cary Joji Fukunaga zuzendari. Esanguratsua da bata zein bestearen esku-hartzea, zeren Pizzolattoren lehen “benetako” lantzat jo baitaiteke, honen aurretik literaturara zerbait eta telebistarako beste pare bat lan txiki baino ez zituelako eginda. Fukunaga ere antzera, hogeita hamasei urteko kaliforniar honek bi luzemetraia zituen soilik eginak. Ikusita bataren gidoi lana eta bestearen pantailara eramateko ahalmen ikusgarria, txapela kentzea besterik ez daukagu, biek hala biek daukaten esperientzia ez oso luzea aintzat harturik.
Egia esan, tramari so egiten bazaio, aitortu daiteke ez dela oso iraultzailea. Bi detektibe aurkezten zaizkigu, hilketa kate bat ikertu behar dutenak. Beste telesail poliziako eskematiko bat? Bada, ez. Hemen ez da nahi, argumentazio dudakor eta eskasez, atal bakoitzean kasu polizial korapilatsurik argitu nahi. Guztiz kontrakoa. Esan daiteke inbestigazio kriminala bigarren plano baten geratzen dela. Inportantzia handiagoa hartzen du hilketa hauek argitzeko zuzendariak hartzen duen bidea. Azken xedea beti izango da hiltzailea aurkitzea, baina True Detective ezberdin eta berezi egiten duena horretara heltzeko tartean dagoen guztia da: anbientea, pertsonaia nagusien barne mundua, paisaia itogarriak, etengabeko suspensea, musika, etab.
Aktore guztien interpretazioak omentzekoak dira. Matthew McConaughey jaunak egiten duena maila goreneko zerbait da. Rust detektibearen azalean jartzen da, serieen historiarako geratuko den pertsonaia sortuz. Duela gutxi Oscar saria jaso zuen Dallas Buyers Club filmean eginiko lanagatik, bada, telesail honetan egiten duena beste munduko zerbait dela onartu daiteke. Ahotsaren tonua, keinuak, oinez egiteko forma, azaltzen duen malenkonia, metafisika eta sineskeriarenganako duen joera, guztia. Gaur arte inoiz ikusi ez den protagonista bat. Aitzitik, Woody Harrelson ez dago okerrago. Karakterizazio prototipikoa, baina ederki antzeztua. Aita eta senar kezkatua dugu Harrelson, baina aldi berean utzi eta ia-alkoholizatua. Polizia konprometitua, gogorra eta liderra. Bikote mitiko bat sortzea lortu dute. Rust Amerika pesimista eta desmitifikatu horren adierazgarri da, Martin Amerika erlijioso eta kontserbatzailearena. Bien arteko erlazioa izango da tramaren giltzarrietako bat, gora-behera eta elkarrizketa ahaztezinak eskainiz. Aktore sekundarioak ere paregabe daude beren lanetan.
Zuzendaritzari dagokionez, ez dago ezer gaizki esatekorik, dena litzateke laudorio. Plano motzak, plano luzeak, elipsiak, mozketak, denboran saltoak, paisaiaren irudikapena, eta abar luze bat. Dena dago ezin hobeki grabatua, eta zuzendariak buruan zuena ederki dago pantailaratua. Azpimarragarria da laugarren kapituluko sekuentzia planoa: zazpi minutu luze, tiroak eta pertsekuzioak medio, moztu gabeko planoan. Hitzik gabe uzteko modukoa.
Eta azkenik, honek guztiak (gidoiak, pertsonaiek, fotografiak…) sortzen duen anbientazioa. Estatu Batuetako hegoalde ilunenera eramaten du ikuslea. Zaila da eguzkidun planoren bat ikustea. Louisianako paisaiak ezinegona sorrarazten du, eta musikak ez dio uzten lasaitasunari lekurik. Pertsonaia gatazkatsuek zer pentsa ematen dute, eta bakoitzaren karakterizazioak arnas estua sortzen du. Hitz gutxitan, ikuslea larrituko du True Detective-ek, baina gehiagoren zain geratuko da motz egiten diren hirurogei minutu igaro bezain pronto.
Denboraldi bakarra dago ikusgai, eta segurtasun handiz esan daiteke hemendik aurreragokoak guztiz independienteak izango direla. Pertsonaia eta trama berriak izango dituztela baieztatu da, eta pentsatzekoa da zuzendaritza ere eskuz aldatuko dela. Jarraitzaile asko irabazi ditu lehen denboraldi honek, eta ziur sortzaileek ikuslea beste behin harritzeko estrategia berritzaileren bat aurkituko dutena. Bitartean, lagunarteko berriketetan telesail paregabe honek sorturiko zirrarak konpartitzearekin konformatu beharko.
Joseba Ugarte
Latest posts by Joseba Ugarte (see all)
- Korearra naiz eta harro nago! - 25 May, 2015
- True Detective-n barrena - 20 May, 2014
Leave a Reply