• Portada
  • Zona creativa
    • Relato corto
    • Poesía
    • Nuevas literaturas
    • Fotografía e ilustración
    • Entrevista
  • Zona crítica
    • Artículo
    • Ensayo
    • Columna
    • Crónica
    • Editorial
  • Equipo
    • Personas colaboradoras
  • eu
  • es

La Espiral

No es solo una revista

  • deustopoesia26
  • deustorelato26

Kuban

17 abril, 2026 by Leire Gorostiza Etxeberria Deja un comentario

Badira egurrezko xaflaz osatuak
zurazkoak beren osotasunean
granito, marmol edo kareharrizkoak
metalezkoak, altzairu eta burdinaz eginak
hormigoia ere sartuko dut zerrendan
plastikozkoak, zergatik ez
estilo handiko jendearentzat tapizatuak ere egon badaude
osaba Googlek kanpokoak, barrukoak, funtzionalak eta artistikoak sailkatzen ditu
neronek bizkardun eta bizkargabeen artean egin ohi dut sailkapena
ah, eta, ile luzedunoi ilea lapurtzen diguten torlojudun edo torlojugabeen artean

Topa daitezke herriko plazan
ibai ertzean
edo itsaso parean
autobus, tren nahiz tranbia geltokian
parkean, paseoan
liburutegiko atean
pribilegiatuenen lorategian
museoaren parean, albo batean, bai eta barnean ere
hilerrian, hilarrien artean
Ikeako hirugarren korridorean

Egon daitezke blai eginda
lehor-lehor
edo klinexa pasatzeko adina zikin
bai eta ipurdia margoz zikintzeko bezain berri ere
rankinga urtaroak markatzen du, antza
udaberrian lehen eguzki izpien xerka
udan itzalpetan dagoena garaile
udazkenean zuhaizpean, hosto hori, laranja eta marroiz jantzia, ahal bada
neguan lehia:
elur-bolak egiteko haina elur dutenen eta estalita daudenen artean

Izan dezakete fck nzs pegata
saiatu bai baina guztiz kendu ez dena
txiklea itsatsia
2025/12/316 eider x maddalen giltzaz idatzia
aluminiozko paper-bola
Chesterfield paketea eta Keler lata, hutsik
xaflak ortzadar kolorez
ez eseri margotu berria kartela
pipa-azal pila
permanentez gora borroka transmaribibolloa

Izan naiteke ni
eserita, zutik nahiz etzanda
izan zaitezke zu
zu eta ni
izan gaitezke gu
zuek
haiek
edo haiek zuekin
guztiok
edo inor ere ez

Ikus dezake lehen muxua
lehen elkarrizketa
lehen litroak
lehen mozkorraldia
lehen pitia
lehen porroa
lehen marra
lehen besarkada
edo azkena
eta zuk jakin gabe

Izan daiteke geldiune
egonaldi
lasaitasun
arnasgune
etenaldi
atseden
deskantsu
amatxi Crescenen goizeroko paseoetan
izeba Marikruzen erosketa ibilaldian
momentuko runner askoren Stravan

Hanka bat gora
lokarriak lotu
eta, bat-batean, outdoor gym bihurtu
etzan eta indar ariketak hasi
squats
bench press
push-ups
tricep dips
hip thrusts
edo ingeleseko klaseak, batek daki

Izan daiteke erreferentzia puntu
bi umeren lasterketa helmuga
futbol partidan zutoin
karabin karaban baten jomuga
eskuz egindako eskumuturreko, lepoko eta belarritako denda
auzoko txakurrak, beren pixa bitarte, euren artean komunikatzeko izkin
txakurrez ari garela, erosketa egin bitartean hura uhalaz lotzeko zutabe
bizikleta ere bertan lotu daiteke
eta patinetea
eta senarra; ah ez, hori ez

Goizeroko elkargune
gaueroko despedida
wallapopeko truke toki
grindr zita itsu geraleku
non zaude?
hemen, eserita
non? asko daude
zuhaitz artekoan
non?
zakarrontzia ondoan duen horretan

Altuera eman dezake
talde argazkian
manifestazioan, megafonoa eskuan
heliozko puxika galdu duen haurrak hura berreskuratzeko esperantzan
urruti dagoena agurtzean
argazkilariak ikuspegia hobetzeko saiakeran
jendartean lagunak galtzean
toki pribilegiatua kontzertuan
eszenatoki kale antzerkian
dekorazio eszenatokian

Lekuko izan daiteke
liskar batena
isilpeko sekretuarena
aitormenarena
bete gabeko promesarena
elkarrizketa deserosoarena
berandu datorren barkamenarena
momentu mega erromantikoarena
isiltasun tentsoarena
Ibil Bediren Goldea ote?

Har daiteke tarte bat, bi minutu edo hiru ordu
dei bat
WhatsApp audioa, podcast tankeran
Berria FMren azken saioa
Candy Crush partida
Aner Euzkitzeren zutabea
Duolingon mailaz pasatzea
Uxue Alberdiren Hetero, 38 orrialde
Xendraren diska, osorik
lagun baten pisukidearen bikotearen TFGrako ikerketarako Google Formsa

Maitasun bat
teoria bat
tren bat
toki bat
janela bat
kolore bat
lilura bat
etxe bat
sute bat
itxoin, gora etorri naiz, besterik ez

Takeaway askoren helmuga ere bada
kafea kartoizko edalontzian
entsalada, pasta edota pastazko entsalada tupperwarean
kokakola vodkarekin
vodka limoiarekin
limoia ginebrarekin
txosnako edalontzian
bi espezie:
berton edo lurrean esertzen direnak
ah, eta lurrean eseri bai baina ipurdi azpian jertse edo poltsa behar dutenak

Laboral
Rural
Kutxabank
CaixaBank
BBVA
Santander
Sabadell
horietan eseri bai, baina lasai ez dakit egingo duzunik
uste dut Gose eta Willis Drummond banku horiei buruz ari direla
eta ez bizkardun edo bizkargabeei buruz

Euskaltzaindiaren arabera izan daiteke
diruaren eta diru ordekoen merkataritza
banketxe
isuraldatzeetarako odola eta giza organoak gordetzen diren gordailu
eserleku luze
bizkarduna nahiz bizkargabe
itsaso, ibai edo aintziretan
hondoan gertatzen den hedadura handiko goragune
itsasontzien ibilbidea eragozten duena
egon zaitez, gu laugarren adierari buruz ari ginen, ezta?

Izan daiteke
pegata, txikle eta adarrikapen
muxu, piti eta besarkada
helmuga, zutoin nahiz denda
elkargune, despedida edo geraleku
arnasgune, etenaldi ala atseden
outdoor gym, bench press nahiz eszenatoki
WhatsApp audio, diska, edo google forms
kafe, tupperware ala limoia ginebrarekin
gordailu, eserleku edo goragune

Bankua gauza asko izan daiteke
edo ezer ere ez
eta banku askok
bankubankubankubanku
bankubankubankubankub
ankubankubankubankuba
nkubankubankubankubanku
bankubankubankubankuban
kuban sortzen dute
ez al da ba paradoxa?

The following two tabs change content below.
  • Bio
  • Latest Posts

Leire Gorostiza Etxeberria

Latest posts by Leire Gorostiza Etxeberria (see all)

  • Kuban - 17 abril, 2026
  • Hori - 8 mayo, 2023

Publicado en: Poesía, Zona creativa Etiquetado como: deustopoesia26

Deja una respuesta Cancelar la respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Universidad de Deusto

La Espiral y la Universidad de Deusto no se hacen responsables de las opiniones vertidas por las personas colaboradoras | © 2026 | Privacidad | Acceder