Isiluneak

Fotografía de Alejandro Zamora

Fotografía de Alejandro Zamora Landa

 

nire gorputzaren ordez sugarrak ukitzen ditut. azalaren ordez ezkatak.

*

goizero deitzen zaitut, nire ahotsa entzuteko gai izango bazina bezala. ahotsa izango banu bezala. hitzik gabe deitzen zaitut: begiak pixkanaka irekiz, eskuak zuregana luzatuz.

*

erruduna naizela aitortu nahiko nuke, baina nola esango dizut zein den desertuaren izena, gauaren kolorea, non amaitzen den bizitza eta non hasten den memoria. eta zergatik. zergatik dugun hitzen beharra.

*

nola esango dizut egarri naizela. suzko itsaso batean galduta zure ahotsa aditu nuela. nola esango dizut labarretan otsokume bat aurkitu nuela, bularra eman niola, nire larrua erantzi nuela animaliari eskaintzeko, oraindik ere zure ahotsa aditzen dudala.

*

eta harearen azpian begiak sutan dituzten emakumeak bizi direla. ilargialdi bakoitzean azala berritzen dute, olatuen erreduraz babesteko. labarretan otsokumeak aurkitzen dituzte eta euriaren egarri dira.

*

hitzik gabe deitzen zaitut: otsoaren ainuriaz, itsasoaren ahotsaz. erruduna naizela aitortu nahiko nuke, baina isiluneak besterik ez, eskuak eta sugarrak besterik ez ditut zuregana luzatzeko.

 

The following two tabs change content below.
Iosune de Goñi
Iosune de Goñi (Burlada, 1993) estudió Filosofía en la Universidad del País Vasco. Escribe en euskera y en castellano. Sus textos han sido publicados en diversos fanzines y revistas, así como en las antologías Los muchachos ebrios. Antología de poesía jovencísima transoceánica y Hatsaren Poesia olerki bilduma 2017. También le gusta hacer trenzas y la fotografía analógica.
Iosune de Goñi

Latest posts by Iosune de Goñi (see all)

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *