Azken boladan gero eta gasolindegi gehiago hutsik ikusten ditut. Umea nintzenean, gogoan dut errepide nazional guztiak gasolindegiz mukuru zeudela orduko ibilgailuen edota gidarien egarria carajillo artean asetzeko prest. Urrun daude, bada, El Fari, Camela, Los Chunguitos, Melody eta tankera horretako musika saltzen zuten gasolindegien garaiak. Ordainpeko autobideek lekua ostu zieten bigarren mailako bideei noizbait. Ulertzen al da metafora? Era berean, badirudi pandemiak bidesaria kobratu diela erregai fosilak ustiatzen eta prozesatzen jarduten diren enpresei, beha jo baitu erragien eskariak. Hala al da? Nork galdu du zer? Aspaldi ez ditut Josu, Ana, Miguel eta Naroa ikusi, nire herriko gasolindegian – bigarren mailako horietarikoa – lan egiten zuten langileak.
Ez, ez dut ezantzaren aldeko artikulu apologistarik egin nahi, baina horrelakoetan, aurri-zorian dauden gasolindegien aurretik pasatzerakoan, sarri asko esaten diot neure burari zein garrantzitsuak diren erregai horren zantzua duten bestelako adibideak geure bizitzetan. Izan ere, ibilgailu askok ez ezik, gizakiok ere gasolina behar behar dugu martxan egoteko; bestela, amatatzen gara, geure mesanotxe gainean kargagailura konektatu gabe uzten dugun mugikorra izango bagina bezala.
Bestalde, nire ibilgailuko depositu markagiluak behera egiten duen heinean, gasolinaren trazako bestelako adibide batzuekin oroitzen naiz. Gauza jakina da hipertrofiatukako gizarte honek kirolaren ezibesteko premia duela, endorfinen depositua goraino beteta izateak animikoki edertasun kanonen aurrean superheroi bihurtuko gaituelakoan. Askok, ordea, alkohola nahiago dute erregai gisa, eta, ezantza bezala, asteburuan tankea goraino betetzen dute aste guztirako adina izateko. Aspaldi, lagun petral batek metafora zikin batez baliatuta, gizakion arteko harremanak ere sexu eta gasolinarekin erkatu zituen; alegia, aldian-aldian mangera deposituan sartu beharra dagoela harremana geldi ez dadin. Gixajoa, asko ikasi behar du oraindik; honezkero ez zen ohartuko energia berriztagarrien aroan gaudela.
Tamalez, egunotan ziur asko Palestinako kaletarren sudurretan inpregnatuta dago ezantzaren jatorrizko usaina, usain sarkorra, Israelek jaurtitako lehergailuen bidez horrelaxe gogorarazi nahiko balie bezala. Gaur-gaurkoz Gazako auzoetan kafe hutsa eta doblea zerbitzatuko da, askok ez baitute ametsik egin nahi; amets gaiztoak izango direlakoan. Zein ahanzkorra den usaimenaren memoria.
Horrelakoetan Jeremy Rifkin soziologoak orain urte batzuk idatzitako “La economía del Hidrogeno” obrarekin oroitzen naiz. Saiakera horretan historian zehar egondako zibilizaio desberdinek lehengaien gehiegizko ustiapenaren ondorioz pairatutako porrotei buruz hitz egiten zuen adituak, baita energiaren demokratizazioari buruz ere. Baliteke gero eta hurbilago egotea soziologo estatubatuarraren ametsa; ikusi beharko da, ordea, ez ote duten bidetik H-98 eta H-95 direlakoak sortzen edota ipar-hego binomioa areagotzen. Ez dezagun ahaztu munduan egon badaudela super 98-a kontsumitzeko jaioak direnak, eta beste batzuk super 95 – edota ezta hori ere -; azken erregai hori, txiroen eta mendekoen adierazgarri. Momentuz tamainako erronka dugu oharkabean geure burua gasolinaz busti eta sua ez ematearekin.
[:]
Karlos Aretxabaleta
Latest posts by Karlos Aretxabaleta (see all)
- Aingurak - 18 May, 2023
- Metrika eta errima bakoa - 8 October, 2021
- Pray - 11 June, 2021
- Gasolina - 14 May, 2021
Leave a Reply