Bazkalordua. Goiko bizilaguna etxean sartzen sumatu dut, baita haurrak ere. Neska gaixoak desesperatua dirudi bikiekin.
Gezurra badirudi ere, gustoko ditut goikoen zalapartak. Umeetako baten negar hotsak, eta besteak zoruaren kontra ematen dituen kolpeak. “Barazkiak bazkaltzeko” esan dut neure kolkorako, eta irribarrea atera zait. Begiak itxi ditut une batez, eta gure etxeak goikoarenaren antza zueneko garaiak etorri zaikit burura.
Seme-alabak txakurra eta katuaren moduan zalapartaka. Senarra amorratuta, deskantsuan egoten lasai ez ziotelako uzten, eta amona berriz eskuak burura eramanda, haurren iskanbilekin sufritzen. Eta ni, sukaldeko lanak egiten, denekikoa ezin eginik. Negarrez etortzen zitzaidan alaba kontsolatu, senarra biguntzen saiatu eta amari ume kontuak besterik ez zirela eta lasai egoteko esanez. Goiko neska gaztea ere horrela ibiliko da, baina tira, uste baino lehen etorriko zaio lasaitasuna, eta segidan, bakardadea.
Lehenik amona joan zitzaigun, ondoren seme zaharrenak alde egin zuen atzerrira ikastera. Bikotea aurkitu, haurrak izan eta bertan finkatu zen. Orain urtean birritan soilik etortzen da. Alabak ere bide beretik jarraitu zuen. Hau gertuago geratu zen, Nafarroan; baina munduaren beste puntan balego bezala. Eta tartean senarrari minbizia heldu zitzaion. Bizitza guztian zehar erretako tabakoaren ordaina seguraski. Hura zaintzen eman nituen hiruzpalau urte, noizbait sendatu eta elkarrekin zahartuko ginelakoaren esperantza faltsuarekin. Baina bera ere joan egin zen, ni bakarrik utzita.
Atzoko babarrun hondarrak jan eta egongelara joan naiz, manta sabel gainean zabaldu eta siesta egiteko asmoz. Ez dut ordea logurarik.
Telefonoa hartu eta alabari sakelakora deitu diot. Lehen tonua. Bigarrena. Hirugarrena amaitu orduko erantzungailu automatikoa. Okupatuta ibiliko da, akaso. Tarteka deitzen dit bai. Oso tarteka.
→ Irakurri hurrengo atala Hitz mutuak III: Arratsaldea
← Irakurri aurreko atala Hitz mutuak I: Egunabarra
_
Testua: Jon Munduate, XXV. kontalizun laburren lehiaketako lehenengo sariduna euskarazko modalitatean.
Argazkia: “La abuela del puro” Jean François Walhain, Anaia Oroz XXII. argazki lehiaketako lehenengo sariduna koloreko modalitatean.
La Espiral
Latest posts by La Espiral (see all)
- 2024ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 25 April, 2024
- Lucía Fátima Franco Goyena ikaslearen “Llenos de vacío” poema liburuaren aurkezpena - 15 March, 2024
- 2024ko literatur lehiaketak - 1 February, 2024
- 2023ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 28 April, 2023
Leave a Reply