SAREGILEA
Aita, lekurik ez zenuen nire bihotzean,
zoko hura aspaldi ukatu nizun.
Haatik, behin, itsas-labana ostu nizun,
eta goitik behera urratu nuen bihotz kutxa
arrakala mingarri horretatik zeure izena
sartu eta betiko zokoratu zedin;
mamu artean. Damurik ez dut.
Portua atzean utzi nuen egunean isuri nituen
malkoak
odol tantak ziren, maitasunez zipriztinduak,
eta itsas-zirimolekin nahastu ziren noizbait.
Gurean , amonaren gorua jira-bira zegoen
egongelan,
eta orratzak, zainak jipoituz,
aski baretu zuen amak ere bere
barnean zeraman arrangura.
BERMEO, 1986
Itsasoan, dagoeneko, bigarren mailako
marinelik edo herritarrik ez dago; lurrean bai,
ordea.
Bigarren mailako marinelak herriko zoroetxetik
ikus daitekeen beste plaza ilun eta ospel
batean ostenduta daude; portu zaharreko
plazaren gibelean.
Ostenduta daude: preso.
Gasolina esnifatzen eta heroina txutatzen.
Txuta talde osoarena da; aspaldi boterea
herritarrena zen bezala.
KAMAROTEA
Gaurkoan, goizero bezala,
oraindik kresal zaporea ezpain artean dudala,
kamaroteko konketako ispiluaren aurrean
paratu naiz.
Istant batez, begiak itxi ditut eta gazte
denborako bisaia irudikatu dut neure baitan.
Begiak zabaltzerakoan, ordea… Kraska!
Ispilua mila pusketan kraskatu da,
bestelakoa baita aurrez aurre dagoen itsas-
mutila: dagoeneko arraildua.
Eskerrak goizeko kafeak itsasgarri lana
egiten duen nire memoriaren xaflekin.
Tamalez, ez diot luzaroan eutsi zurikeriari;
zakua hartu eta… kraska!
Dosiarekin zuritu dut sudurra.
Aitzakiekin zuritu dut gezurra.
Diruarekin zuritu dut beldurra.
Jolas hutsa balitz bezala,
papelina hartuko dut,
tentu handiz,
eta hankaz gora jarriko dut
barruaren hautsa,
ispiluaren puskak berriz ahoka daitezen.
ITSASOARI ODA
Itsaso maitea, zeuk gaztetan egin bezala, gaur
ametsetan nengoela, ni zu bilakatu naiz, eta
zu ni bilakatu zara.
Ametsetan barrena, arimaren barrunbeetara
soilik hel daitekeen laba herdoila erosi nion
orain gutxi portuko marinel bati.
Eta Andre Marietarako, propio, arrantzatua
den hegaluzea izango banintz bezala, nire
burua zabaltzeari ekin diot oraintxe bertan
komuneko perrailean.
Beldur naiz. Izerdi gorria, izerdi hotza irten
baita ene gorputzeko zirrikitu guztietatik. Ene
sudurrak, negar-malkotan tantaka, herriko
iturria zer dirudi ba!
Banoa. Bisturiaren mutur zorrotza sartu dut
bular aldean eta miseria jarioa geldi ezina da.
Minik ez, tutik ez.
Giltzek ateak zabaltzen dituzten bezala,
herdoilak jandako labanak nire gorputz ihartua
ireki du goitik behera, bular beltzetik ia-ia
lurrera; bestelako ziorik izango ez balu bezala.
Birikiak atera ditut, gibel urdina ere bai.
Hesteak atera ditut, zainak eta arteriak, baita
barea eta pankrea ere. Saihets hezurrak atera
ditut, urdail zikina eta heste gorria ere bai.
Azkenik bihotza atera dut, eta orbita aspaldi
galdu zuten begiekin arretaz begiratu diot.
Dantzan dabil oraindik, taupaka oraindik,
erritmoa gorde ohi duen traineruak bezala,
tempoa galdu barik. Gorputzetik atera ditudan
altxor guztiak bezala, bihotza ere bazter
batera bota dut, kala-txoriak dauden
bazterrera; ez baita bilatzen ari naizena.
Non dago, bada, neure arima? Edo zeurea,
alegia. Eskuekin tolesturak hartu eta
akordeoia bainitzan, aurkitzen ahalegindu
naiz. Horretan tematu naiz, baina deus ez.
Nik uste nuen itsasoak arima izan bazuela.
_
Texto de Karlos Aretxabaleta, segundo premio del XII certamen de poesía en modalidad euskera.
Karlos Aretxabaleta
Latest posts by Karlos Aretxabaleta (see all)
- Aingurak - 18 May, 2023
- Metrika eta errima bakoa - 8 October, 2021
- Pray - 11 June, 2021
- Gasolina - 14 May, 2021
Leave a Reply