Arenaleko bankuan eserita dagoen emakumeari begira geratu naiz instant batez. Burumakur, eskuak magalean, triste dagoela dirudi. Alboan plaka bat, idatzi batekin: “Bakardade ikusezina, Ruben Orozco”. Benetakoa dirudi, baina ez da. Emakumea atzean utzi eta pasiran jarraitu dut, pentsakor. Behingoz ikusi dut neure begiz medioetan hainbeste entzun dudan artelana. Zergatik eman horrelako garrantzia? Estatua hiperrealista bat izan ordez benetako emakume bat balitz, norbaitek erreparatuko al luke?
Amorrua, haserrea, tristura sentitu dut. Hori ote artelanaren benetako helburua?
Bastoiari heldu diot, irmo. Jada badira bi urte etxean erorita aldaka apurtu nuenetik eta… ez dut berriro horrelakorik nahi. Orain egurrezko makila dut bidelagun.
Pasiran jarraitu dut, bide erdian kafetxo bat hartzeko pausa eginez. Ebakia, esne hotza eta sakarinarekin. Eguneroko errutinari jarraituz, egunkaria erosi eta etxera itzuli naiz.
Isilik dago etxea. Egurrezko zoru zaharrak ateratzen dituen karraskak entzuten ditzazket. Izan zirenen doinuak apaldu balira bezala. Etxeak argia galdu duela dirudi, triste dago.
80. hamarkadan jarritako pareteko gotelea negarrez dagoela dirudi, altzariak ilun, burumakur. Jangelako mahaian eseri eta telebista piztu dut. Goizeroko tertuliak edonon. Egunkaria mahai gainean eta telebista aurrean, zer hoberik egin nezake goizeko ordu hilak igarotzeko? Hileko seiehun euroko pentsioarekin ezer gutxi.
→ Irakurri hurrengo atala Hitz mutuak II: Eguerdia
_
Testua: Jon Munduate, XXV. kontalizun laburren lehiaketako lehenengo sariduna euskarazko modalitatean.
Argazkia: “Pausa” Celia Gracia, Anaia Oroz XXII. argazki lehiaketara aurkeztua zuri beltzeko modalitatean.
La Espiral
Latest posts by La Espiral (see all)
- 2024ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 25 April, 2024
- Lucía Fátima Franco Goyena ikaslearen “Llenos de vacío” poema liburuaren aurkezpena - 15 March, 2024
- 2024ko literatur lehiaketak - 1 February, 2024
- 2023ko Deusto Campus literatur lehiaketetako irabazleak - 28 April, 2023
Leave a Reply