• AZALA
  • Sormen gunea
    • Kontakizun laburra
    • Poesia
    • Literatura berriak
    • Argazkilaritza eta ilustrazioa
    • Elkarrizketa
  • Kritika gunea
    • Artikulua
    • Saiakera
    • Zutabea
    • Kronika
    • Editoriala
  • Lantaldea
    • Kolaboratzaileak
  • eu
  • es

La Espiral

No es solo una revista

Lanbrorantz

17 April, 2026 by Leire González de Martín Bengoa Leave a Comment

Gaztetasunaren antonimo zara: egunak, urteak, hamarkadak… denboraren joana, izaki batean gorpuztua. Oldartu zaizu zahartzaroa eta dagoeneko, ahanzturaren forma gordinena taupaka duzu. Aurpegiko zimurren zentzu metaforikoenak, bizipenek utzitako arrakalak islatzen ditu; denboraren halabeharrak zizelkatutako urik gabeko ubide abandonatuak.

Gorputza makal duzu, ahalketu zaizu indarra, gorde da arrazionaltasuna. Mozkorraren tankerako oinak dituzu: ezin orekari eutsi. Behin izandako gizona ostondu da, iraganean nonbait. Zinenaren zantzurik ez da ikusten. Mendeen zama pilatu zaizu sorbaldetan, beherantza begira daude orain, bizkarra tolestearekin bat.

Eskuak ere, lurrikara etengabean, urduri dagoenaren antzera. Erortzen zaizkizu: koilara, jakiak, edalontziak… dardarak ez du sismografoan gora ez besterik egiten.

Hitzak ihes egiten dizute ahotik, iragana orainarekin lotuz esaldi bakarrean. Toteltasunaren legez, zintzurrean dituzun hitzak mingainera iristean abaildu eta elkarren kontra jotzen dute, bata bestea errepikatuz, elkar arrapaketan ibiliko balira bezala. Otzanaz iraungitzen doaz zure begiak. Itsasoaren tankerakoa duzun begirada hori: urdin eta sakona, mugagabe bezain misteriotsua. Zuhaitzen embor moztuak lez, urteen lerroak nabari zaizkizu, inolako ebakirik egin gabe ere. Begirada babesten dizuten betileek, mihisee lez estaltzen dizute oroimena, egunez egun estaliaz nohizbait izan ziñena.

Iraganean, zu ere izana zara morroxko horietakoa: mauka soinean, buruan txapela ile zuria estali nahian, tripontzia eta euskaldun petoa. Olentzeroren sinonimo pertsonifikatua. Baso, lur zein mugarriak izendatzen eta gogoratzen aditu. Baserriko zaindaria, etxearen jauna. Haurrak baino, belazeetan trostan zebiltzan ardi zein zaldiak zenituen kume. Abereekin josi zenuen, zure etxekoekin josi ez zenuen harreman haria. Patriarkatuaren indarraz hezia, zure betebeharra ez zen sukaldekoa. Etxeko ezkaratzaren funtzionalitatea, tripa betetzera mugatzen zen. Batek daki zenbat egin gabeko lixiba pilatu zaizkizun eskuetan, zenbat egin dituen zure emazteak zure ordez. Zenbat kulero eta kantzontzilo egon diren esekita, eguzki zein euri egunetan, zuk noiz jasoko zain. Garbitzeko inongo lanik hartu ez eta horrela zenituen azkazalak horren lizun. Keak tximiniatik nola, ihes egiten zenion etxeko eginbeharrei. Begitantzen zait nahiago zenituela eskopeta eta aizkora, platerrak eta trapuak baino. Mahai inguruan eserita, zain egongo zinela imaginatzen dut, emazteak platerra begi parean noiz jarriko, zuk ardo botila basorantz makurtzen zenuen bitartean. Etxeko andreak zuen baserriko paretak zuzen mantentzearen ardura, haurrak erditu, hazi eta heztearena. Aitortzarik izan ez arren, egunero guztiengatik lan egiten zuena. Horrela, urteen poderioz, tolesten joan da zure emaztearen bizkarhezurra, zargaltzeagatik baino betebeharren ondorioz. Etxekoak zaindu eta babesteren ondorioz, pisu guztia berak bakarrik, koadrodun amantalarekin batera, soinean. Lora ihartu baten tankeran, bizkarra beherantz begira, petaloak erortzean. Oraindik ere lanean, zuri zaintzen endekapenean. Nire kautarako pentsatzen dut maitasuna ote den guztia sostengatzen duena, edo agian beste betebehar bat gehiago, dituenekin gutxi balitu bezela.

Oinordetzan jasoko dut zure patxada, utzi dizkidazun momentuak. Munduarekiko parentesi bat, eguneroko larritasun eta arduretatik arnasgune bat. Zure begiradak nirearekin topo egitean duen arridura zein zirrara. Haur handi baten antzera, begi-niniak zabal, zerbait berria ikusten bezala, zer den deskubritzeko gogoz. Batzutan horren ostean nire izena esaten duzu, ilusioz. Bestetan, zalantzan geratzen zara eta zure begirada bakarrik behar dut, barnean zerbaitek ezagutu nauela jakiteko. Annie Ernaux-ek zioen bezala: “ez dago norberaren benetako memoriarik” eta hala, zuk zurea berregin duzu, nik etorkizunean ziurrenik, oroitzapen hauekin egingo dudan bezelaxe; moldeatu, erromantizatu, moztu eta agian ahaztu.

Zure oroitzapen sakonenak, denbora dute auzitegi. Nolabaiteko kondena bizi izandako urteengatik. Sartuko dira zure memoriak eta bizipen berrienak kartzelan. Sententzia irmoa da, heriotza zigorra ezarria, ez dago atzera bueltarik, denboraren auziak ez du malgutasunik. Hurbildu da iluntasuna, hodeien eskutik. Ekaitza nabari da ez oso urrun eta lehen tantak esku ahurretan irristatzen hasi dira. Ingerada batek estali gaitu guztiok, baina zuri betiko lasaitasunean nabari zaizu, inorren zain, ezerren esperoan. Ez duzu zure kondenaren beldurrik, zu zara gorputz eta haragi, denborari eskua ematen diona, ulertua duzu hemen ez dagoela inongo gudarik.

Irabazle bakarra dagoela eta jaio garenaren legez, lurrera itzuliko garela. Orain, bazoaz irmoki lanbrorantz, inongo aterperik gabe, hemen ez dago euria ez besterik. Jada, ez dakigu haizea ekialde edo mendebaldetik dabilen, iparra galdu duen edo hegorantz zuzentzen den. Euria dabil, leku guztietatik. Blaitu da dena, xirimiri geldiezina, ganduak estalita begirada zein gogamena. Esperantzaz, ea atertzen denean, ilunpetik, eguzki errainu bat aterako ote den, ortzadarraren koloreen printzaden alboan.

The following two tabs change content below.
  • Bio
  • Latest Posts

Leire González de Martín Bengoa

Latest posts by Leire González de Martín Bengoa (see all)

  • Lanbrorantz - 17 April, 2026

Filed Under: Kontakizun laburra, Sormen gunea Tagged With: deustorelato26

Leave a Reply Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Universidad de Deusto

La Espiral y la Universidad de Deusto no se hacen responsables de las opiniones vertidas por las personas colaboradoras | © 2026 | Privacidad | Log in