1940an ikusi nituen lehen aldiz makina bitxi haiek, egunkariko irudi batean. Etxeko egongelan nengoen, ama berriak irakurtzen ari zela. Bazirudien zerbait larria gertatu zela nire herrialdearen iparraldean, Frantzian, baina ez nion titularrari erreparatu. Aparatu bitxi haientzat bakarrik nituen begiak. Metalezko txoriak ziruditen, hegoak eta helize batekin.
— Hegazkinak dira — esan zuen amak, ahots dardartiarekin.
Une horretan bertan nire zeregina argi izan nuen: hegazkin batean sartu behar nuen.
Orduan plan perfektua asmatu nuen: hegazkina lortu bezain laster, aitaren bila joango nintzen, azkenean.
Aita aspaldi joana zen, umemoko bat besterik ez nintzela. Amak esaten zuenaren arabera, aita zeruan zegoen eta handik zaintzen gintuen. Ondo iruditzen zitzaidan, baina denbora gehiegi igaro zen. Faltan botatzen nuen. Beraz, irtenbidea erraza zen: hegazkina lortu, zeruraino hegan egin eta aita bueltan ekarri. Samurra zen: hegazkina baino ez nuen behar.
Imajina nezakeen modu guztietan saiatu nintzen hegazkin bat erosten: okinari galdetu nion, izozkigileari, jostailu-dendakoari, baita nire bizilagun Alexandreri ere, baina inork ez zuen hegazkinik salgai. Beraz, erabaki bat hartu nuen: neure hegazkina eraikiko nuen.
Oraindik ez nekien nola egingo nuen, baina banekien lortuko nuela, aita zerutik ari baitzitzaidan laguntzen. Hark latak, plastiko zaharra, kartoizko kaxak, alanbreak eta beste gauza erabilgarri asko uzten zizkidan hiriko kaleetan zehar, batez ere edukiontziak zeuden lekuetan. Sukaldeko kaxoi batean aurkitutako zinta isolatzaile pixka batekin piezak batu nituen eta pixkanaka nire hegazkina itxura hartzen joan zen.
Ez nion amari kontatu zer egiten ari nintzen. Aho zabalik utzi nahi nuen aitarekin etxera itzultzean. Berak ere ez zidan ezer galdetu hegazkinaren eskuineko hegala ebakitzen ikusi ninduenean. Azkenaldian, ama oso kezkatuta zebilen eta ez nekien zergatik. Irratian albisteak entzuten eta leihotik begira ematen zuen eguna, zarata arraro batek isiltasuna hausten zuen bakoitzean.
— Ama, zeren bila zabiltza? — galdetu nion egun batean.
— Ezer ez, laztana. Zoaz jolastera.
Baina ahotsa dardarka zeukan.
Arratsalde batean, Abraham eta Vincent lagunekin batera herriko plazan usoei jaten ematen nien bitartean, oso gauza bitxia gertatu zen: urruneko burrunba handi bat entzun genuen. Su artifizialak zirela pentsatu nuen, baina ez nuen jairik gogoratzen. Helduen aurpegiera bat-batean aldatu zen. Batzuk korrika joan ziren, besteak geldirik geratu ziren, zur eta lur. Vincent-en amak besotik heldu eta presaka eraman gintuen etxera.
Gau hartan, ama negarrez iritsi zen eta hain gogor besarkatu ninduen, non arnasarik gabe geratu nintzela sentitu bainuen. Ez nuen inoiz hain kezkatuta ikusi.
— Gizon gaizto batzuk iritsi dira hirira — xuxurlatu zuen —. Egun batzuetan ezin izango zara etxetik irten.
Beste edozein umeri zoritxarrekoa irudituko zitzaion. Niri ez. Denbora gehiago izango nuke hegazkina amaitzeko.
Amak, ni lasai ikusita, emetzen saiatu zen, baina bere aurpegiak gauzak ez zihoazela ondo jakinarazi zidan. Gau hartan nire ondoan lo egin zuen, bitxia iruditu zitzaidana, nire ohea txikiegia baitzen biontzat. Gainera, nire maindireek, berak brodatuak, ez zioten gorputz osoa estaltzen. Gau osoa eman zuen ni besarkatzen, eta une batzuetan negarrez entzun nuela iruditu zitzaidan.
Egunak igaro ziren eta burrunbak sarriago gertatu ziren. Egongelan pilotarekin jolasten eta hegazkinaren helizea eraikitzen ematen nituen egunak. Oso lan aspergarria zenez, behin baino gehiagotan amore emateko gogoa izan nuen.
Hala ere, nire helburua argi nuen: aita itzultzea. Lortuko nuen.
Ama erizaina zen, eta gero eta lan gehiago egiten zuen. Horregatik, goizetan Abrahamen ama zaintzen ninduen. Berarekin denbora pasatzea gustatzen zitzaidan, eta horregatik tristatu nintzen Abrahamek eta bere familiak alde egin behar izan zutela kontatu zidanean amak. Zergatia galdetu nionean, judu batzuei buruzko zerbait azaldu zidan, baina ez nuen ulertu.
Hegazkinean lanean jarraitzen nuen. Hegoak, helizea eta fuselajea prest zeuden. Xehetasun batzuk perfekzionatzea besterik ez zitzaidan falta. Eta noski, hegan egin zezan lortzea. Baina hori erraza zen, haize pixka bat baino ez baitzen behar. Eragozpen bakarra zen amak ez zidala etxetik irteten uzten; beraz, egoera baretu arte itxaron beharko nuen.
Hala ere, gauzak ez ziruditen hobetzen. Egongelako leihotik jende gutxiago ikusten nuen kalean, eta ama gero eta agortuago itzultzen zen etxera. Gau batean, inoiz ahaztu ez zitzaidan zerbait esan zidan:
— Adrien, hau guztia gizonaren errua da, haren harrotasunagatik eta gizatasunik ezagatik.
Nik, garai hartan, ez nuen ulertu zer esan nahi zidan, baina zahartu ahala, hitz horiek zentzu osoa hartu zuten.
Beste gau batean, ipuin bat kontatzen ari zitzaidala, galdetu nion:
— Ama, zuk, lanera zoazenean, ez duzu aitaren falta sumatzen?
Emakumeak denbora behar izan zuen erantzuteko. Gero esan zuen:
— Egunero eginahalak egiten ditut gainerako gurasoak zerura joan ez daitezen, laztana. Baina minutuero faltan botatzen dut.
Orduan ere ez nuen ulertu zer esan nahi zidan, baina lo egin aurretik xuxurlatu nuen:
— Nik aita ekarriko dut bueltan.
Bi egun geroago, ezinegonak harrapatu ninduen. Ezin nuen itxaron. Zerura igo eta aita ikusi nahi nuen. Ama sofan lo zegoela aprobetxatuz, hegazkina eskuan hartuta, etxeko atea ireki nuen.
Aire freskoak kizkurrak irauli zizkidan. Haizeak gogor jotzen zuen. Aireratzeko une ezin hobea zen. Euforiko eta nire lanaz harro, hegazkina lurrean jarri eta bertan igo nintzen.
Orduan entzun nuen.
Burrunba, inoiz baino hurbilago. Ez zetorren urrutitik, goitik baizik.
Burua altxatu nuen.
Han zegoen.
Hegazkin bat.
Benetako hegazkina.
Egunkarian ikusi nuenaren antzekoa zen. Nire eskuekin eginikoaren antzekoa, baina askoz handiagoa.
Ingurura begiratu nuen: jendea korrika zihoan, izuak hartuta. Denak oihuka, negarrez eta ezkutuka. Aurpegiek artean ulertzen ez nuen izua islatzen zuten.
Zerura begiratu nuen berriro.
Eta orduan ulertu nuen.
Hegazkin hark ez ninduen aitarekin eramango.
Hegazkin hark beste aita asko eramango zituen zerura. Eta orduantxe aditu nuen zergatik amak begiratzen zuen hainbeste leihotik.
Nerea Martínez Ugarte
Latest posts by Nerea Martínez Ugarte (see all)
- Latazko hegazkina - 17 April, 2026


Leave a Reply