Eserita nengoen
pupitredun aula hartan
goizago arrats honetan,
eguzki izpiak zorrotz joaz
nire lepoan,
nahiz eta otsaila baino ez den.
Irakaslea hitzegiten zebilen,
hitz hutsekin agian,
naiz eta bekatu horretaz
sarritan errudun ez izan;
ni bai, ordea.
Atontzen ditut normalean
pentsamenduak ordu horretan,
eta ondoren buru altxa
besteen aurpegiei begiratzeko
entzuten ari diren artean.
Arima biluzten deneko
momentu bakanetako bat baita
ikasten gaudenean,
benetan
besteen jakituria
airetik xurgatzen ari garenean.
Aurpegiei begira ari nintzen beraz
aula haretan,
eguzki izpien pean hautsa dantzan
baina bat falta zen.
Aste batzuk dira jada
Paule kantzerrak jota hil zela,
bere gorputzak berak erahila.
Apenas aipatu dugu berria,
agian
lotsa ematen digulako hau aipatze hutsak,
ez dugulako elkar nahikoa ezagutzen
ez genuelako bera nahikoa ezagutzen
eta hildakoen laudorioak
lagunek esan behar dituztelako,
ahots biziz gutxienez.
Baina pupitredun aula hartzan
eguzki izpien hazkura lepoan
sentitzen nuela,
bonba atomikoek lehertzean
suaren
eta orroaren
eta argi itsugarriaren ondoren
pertsonetaz uzten duten itzal baten
antzeko zeozer dagoela konturatu naiz,
horman inprimaturik,
ezer esan nahiean bezala.
Eta pisu gehiegi da nire lepoan
bakarrik eramateko moduan,
jakitea itzal hori hor dagoela,
eta jakitea esan nahi duena:
bizitza usteltze prozesu bat dela,
batzuentzako besteentzako baino arinagoa,
eta hori dela munduan dagoen
gauza eder bakarra.
Hori pentsatu dut
pupitredun aula hartan
eguzki izpi garratzpean
klasekideen
begi distirakor eta
zimurrei begira,
gaur.
Jokin Erkoreka
Latest posts by Jokin Erkoreka (see all)
- IDLES - 14 March, 2022
- Orreaga, etab. - 4 March, 2022
- Eukaliptoa - 12 November, 2021
- azalberritu - 2 June, 2021
Leave a Reply