

Praktikoegia naiz Gabonetako afari idealaz aritzeko. Agian bat etor ninteke nihilista baten iritziarekin: Gabonetako afaririk onena egiten ez dena da. Baina ez dut ezkorra izan nahi. Baiezkoa nahiago dut ezezkoa baino. Ezetz esan behar bada modu dotorean izan dadila, ahal dela.
Eguberriak, data finkoan poztu behar horrek, irrealtasun sentsazioa sortzen dit. Hasteko, festa kristau bat da; eta, galdera, zenbat kristau geratzen dira oraintxe bertan? Dena dela, afaltzeko ez dago kristaua izan beharrik; eta egia da, baita ere, kultura horretan haziak izan garela. Lehen bai, fededunak ziren oso; gurean Gabon-gauean afaldu aurretik arrosarioa errezatzen genuen eta inoiz gauerdian oilar-mezetara joan ginen ere.
Erlijioari, zer esanik ez, begirune osoa diot; ez gara gu fededunak izan diren jakintsu guztiak baino azkarragoak izango. Agnostiko jakitunak ere izan dira. Alde horretatik, Montaigne susmagarria egiten zait. Noizbehinka bere Entseiuetan Montaignek fede katolikoa berresten du, baina gero bere gogoetetan dena mundu honetan amaitzen da, ez dirudi betiereko bizitza oso kontuan hartzen duenik. Jakina, bere garaian ezin zen holakorik ozenki esan, forrua segidan garbitzen zizutelako.
Jende askorentzat egun hauek konnotazio tristeak dituzte. Ulertzen dut, Gabonak haurtzaroari eta bizi izandako Gabon-gau guztiei lotuta daude eta, logikoa denez, urteek aurrera egin ahala mahaira eseri ohi ziren batzuk jada ez daude. Nolanahi ere, afaltzearen aldekoa naiz, baita Gabonetan ere. Bizitza hemen eta orain da, eta sinestea aukerakoa, maitasunean sinesten dutenak ere badaude; baina tira, ez dudala nihilista izan nahi.


Latest posts by Javier San Salvador del Valle Zarrabeitia (see all)
- Emily - 30 abril, 2025
- Reconocimiento - 13 diciembre, 2024
- Palabra con cuerno - 29 octubre, 2024
- Deseando amar - 29 abril, 2022
Deja una respuesta